Berriak

 

Lonbo Aretoan eta Abusu Zentro Soziokulturalean bilerak egin dira herriko kirol eta kultur taldeekin. “Bi helburu genituen: Batetik osasun protokoloari buruzko xehetasunak ematea, bai bilerari begira zein euren talde eta elkarteetan aurkituko duten errealitateari erreparatuz ere, eta bestetik, diru laguntzen inguruko informazioa konpartitu, udalaren errealitatearen berri eman eta haien beharrak ezagutzeko” zehaztu du Iratxe Rubio kultur zinegotziak. Sarreran gela, eskularruak eta maskarak banatu dira, eta bi metroko tartea utziz eseri dira parte hartzaileak. Gehienez ere elkarteko kide batek parte hartu du. Eusko Jaurlaritzak Maiatzaren 11ko EHAA-n zehaztu zuen bilerak egin ahal izateko balizko arrazoiak zeintzuk diren, eta horren arabera jokatu du Arrigorriagako udalak.

Kultur zinegotziaren hitzetan “Covid 19aren krisiak egoera zailean utziko ditu udal guztiak. Gure kasuan bai diru sarreretan zein Foru Aldunditik jaso beharreko diruan jasango dugu, besteak beste. Hala ere, elkarteei berretsi diegu gure asmoa diru laguntzak mantentzea dela, ahal den neurrian bai bederen, herrigintzaren zutabeetako bat diren heinean ”.

Udalak luzatu dien proposamenaren arabera, 2020rako eskatutako diru laguntza eskaria gaur egungo errealitatera moldatu eta egokitzea dagokie elkarteei. Behin lanketa hori egindakoan, eta udaleko teknikarien onespena lortuta, diru laguntzaren erdia bideratuko zaie orain. Beharrizan bereziak dituzten elkarteen kasuak banan-banan aztertuko dira.