Berriak

 

Covid 19ak eragindako krisiaren hasieratik 70 urtetik gorakoekin lanketa berezia egiten ari da Arrigorriagako udala. Erroldaren arabera Arrigorriagan 1.638 biztanle daude 70 urte edo adin horretatik gorakoak, horietatik 65 Arandiako egoitzan. Arrisku taldea izaki, lehenik eta behin haien egoeraren berri jakin nahi izan zuen udalak, eta banan-banan deitu zitzaien. Boluntarioen laguntzaz egin ziren deiak, eta ariketa aberasgarria izan zen bai batzuentzat zein besteentzat.

Oraingo honetan, maskarak egiteko sortu den boluntario sareak atzo arratsaldean egin zuen maskaren banaketa adin tarte horretan dauden herritarren artean, bai Kaskoan zein Abusun. Maskara berrerabilgarriak dira, gehienez 10 aldiz erabili daitezkeenak, eta Espainiako Ministerioak eskatzen dituen babes neurriak betetzen dituztenak. “Konfinamenduaren arintze neurriak ahalbidetu dute adin tarte honetan dauden herritarrak kalera atera ahal izatea, eta udalaren aldetik eskura ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu modu ahalik eta seguruenean egin dezaten. Maskarak egiteko boluntario taldeak egin duen lana izugarria izan da. Dagoeneko hasi dira 2-12 urte bitarteko umeentzako maskarak egiten” adierazi du Joana Etxeberria Gizarte Zerbitzuen eta Politika Feministako zinegotziak.