Berriak

 

Arrigorriagako udaleko EH Bilduk, Arrigorriaga Garak, EAJ-PNVk, PSEk eta NOAk, alegia, udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek eta hautesle taldeak, hainbat neurri adostu dituzte COVID 19k eragindako egoerari erantzuteko eta dokumentu honetan jaso dituzte:

COVID 19k eragindako testuinguru berri honetan, Arrigorriagako udala osatzen dugun talde politiko eta hautesle taldeek arduraz eta arretaz jokatu nahi dugu, herritarren ongizatea edozein desberdintasun politikoren gainetik jarriz. Erabat jakitun gara egungo egoerak egoera zaila uzten digula, bai ekonomiari bai gizarteari dagokienez, eta konpromisoa hartzen dugu datozen hilabeteetan hartu beharreko neurri ekonomiko eta sozialak ahalik eta adostasun handienarekin egiteko, eta honako jarduera-ardatz hauek kontuan hartuta:

  1. Erantzun egokia ematea zaurgarritasun-egoeran egongo diren biztanleei eta kolektiboei.
  2. Tokiko autonomoen eta merkatarien egoera aztertzea, eta laguntza- eta suspertze-neurriak antolatzea.
  3. Jarduera ekonomikoa sustatzen duten inbertsioak garatzea.

Hiru helburu horien arabera hartu beharreko neurrien artean, batzuk epe laburrekoak dira, eta beste batzuk, epe ertain edo luzekoak, lan sakona beharko dute. Epe laburreko neurrien artean, Arrigorriagako Udala osatzen dugun alderdi politikoek eta hautesle elkarteek honako hauek adostu ditugu:

  • Terrazen tasa ez da kobratuko 2020ko ekitaldian. Era berean, zaramen eta estolderiaren tasa ez da ordainduko merkataritza-establezimenduak eta ostalaritza-establezimenduak itxita dauden bitartean.
  • Udaleko kirol- eta kultura-zerbitzuen ondoriozko tasak ez dira eskatuko zerbitzu horiek aurrez aurre ematen ez diren bitartean.
  • Urteko kirol-ordainketak instalazioa itxita egon den 2020. urteari dagokion zati proportzionalean itzuliko dira, edo itzulketa hori 2021. ekitaldiari dagokion kuotan konpentsatu ahal izango da.
  • Autonomoentzako eta merkatarientzako aholkularitza-zerbitzua abian jartzea. Zerbitzu honen helburua izango da eskura ditzaketen erakunde publikoen laguntzei buruzko informazioa eta aholkuak ematea. Zerbitzu honekin harremanetan jartzeko: earostegui@arrigorriaga.eus edo 94 402 02 08 telefonora deitu.
  • Lehen kanpaina bat egitea merkatariei begira, alarma-egoerak horretarako aukera ematen duenean.

Datozen aste eta hilabeteetan, beste neurri batzuk hartu beharko dira, aurreko hiru printzipioetan oinarrituta. Neurri horiek une egokian zehaztu eta argitaratuko dira.