Berriak

 

Abusuko Elkartasun Sarean ari diren herritarrak buru belarri ari dira lanean. Alde batetik, beharra duten pertsonei laguntza zuzena ematen diete, erosketak egiteko, zarama kalera ateratzeko, txakurrak paseatzeko... Halaber, Arrigorriagako udalak koordinatutako 70 urtetik gorako herritarrei ere telefono deiak egiten dizkiete.

Pertsonen babeserako materiala ere sortu eta banatzen ari dira. Maskarak josten ari dira jo eta su auzoko hainbat lagun. Erresidentziako langileei eta merkatariei banatu dizkiete lehenik, eta une honetan, herritarrei ere banatzen ari zaizkie. Datorren astean haurrak kalera irteten hasten direnerako ere, hasi dira hauentzat propio maskarak egiten.

Plastikozko amantala sanitarioak ere egin ditu sarean lanean ari den jostun taldeak, Basurtu zein Santa Marina ospitaleei eman dizkiete, besteak beste.

Une honetan, eta egoera hau luzatzen ari dela aintzat hartuz, esku artean bi proiektu berri ere badituzte. Batetik, auzoko eskolako lehen eta hirugarren maila arteko haurrei etxeko lanak paperean banatuko dizkiete sareko boluntarioek, hauek postontzietan utziz hamabost egunean behin. Ekimen honekin, ziurtatu nahi da ikasle guztiek jasotzea etxeko lanak, baldintza berdinetan.

Halaber, ikusirik hainbat haurrek euskararekin duten lotuta bakarra eskola dela, ikastetxearekin elkarlanean, telefono bidezko zerbitzua abiatuko dute boluntarioek. Hala, beharra duten haurrek euskararekin harremana mantenduko dute egoera normaldu bitartean.

Elkartasun jarrera ezin hobea adierazten ari dira udalerriko pertsona asko zaintza sareetan antolatuta. Eskerrik asko guztioi Arrigorriagako udalaren partetik.

Maskaren banaketa auzokideentzat: 10:00-13:00etara banatzen dira Susterrak elkartearen lokalean (Zamakola, 63).