Berriak

 

Osasun-krisi garai honetan, Arrigorriagako Euskaraldia batzordeak Euskaraldiari eustea eta prestaketa lanetan jarraitzea erabaki du, euskarak ere aurrera egin behar baitu, egoera berrira egokituta.

Horrela, bada, aurtengo edizioan pausu berriak emango ditugu, besteak beste, norbanakoek ez ezik, entitateek (lantegiak, tabernak, elkarteak, erakundeak…) ere parte hartuko dute eta.

Zentzu horretan, Arrigorriagako Udala herriko entitate garrantzitsuenakoa izanik, handia da euskararekiko duen erantzukizuna eta eredu izan behar du, bereziki, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu eta babestu behar dituelako. Horregatik, udal barrura begira, ekimena zabaltzeko konpromisoa hartu du, eta baita herrira begira ere sustatzaile lanetan aritzekoa ere.

Udalak ARIGUNEAK sortzeko, aktibatzeko eta babesteko erantzukizuna hartu du eta hori lortze aldera, lehendabizi, erakunde barruko langile eta politikari guztien hizkuntza-gaitasuna aztertuko du eta, ondoren, ARIGUNEetan parte hartzera gonbidatuko ditu.

Baina, zer dira ARIGUNEAK? Euskaraz lasai aritzeko taldeak edo guneak dira. Taldea denean, talde horren kide GUZTI-GUZTIEK euskaraz ulertzen dute (BARNE-ARIGUNEA). Edo gunea denean, gune horretan BETI dago euskaraz ulertzen duen norbait (KANPO-ARIGUNEA).

Ariguneetan ariketa modu kolektiboan egingo den arren, kide bakoitzaren erabakia izango da parte izan nahi duen ala ez. Beraz, arigunea osatzen dutenen erabaki pertsonala izango da ariketan parte hartzea eta, behin uda igarota, bakoitzak erabakiko du arigunearen barruan ahobizi ala belarriprest rola izango duen. Aukeraketa egitean kontuan izan beharko du rol bakarra izango duela Euskaraldiak irauten duen bitartean, udal barruan zein kanpoan.