Berriak

 

Udalak etxetik lan egiteko aholkua eman zuenetik, euskara klaseetara etorri beharrean etxetik ari dira Arrigorriagako Udal Euskaltegiko ikasle-irakasleak euskarari ekiten. Irakasleek "classroom" izeneko aplikazioan jartzen diete eguneroko egitekoa, baita instrukzioak, aholkuak eta abar ere, eta ikasleak nork bere erritmoari eusten dio.

Horrez gain, eta mintzatzeari lekua egiteko, bideo-deiak egin ohi dituzte aurrez aurreko berriketaldien ordez. Izan ere, horrek aukera ematen die mingainak astindu, elkarri eragin eta tutoriak egiteko, eta ondorioz, aurrera egiteko.

Badago esaera zahar bat, zera dioena: martxoko trumoiak berrogei eguneko ekaitza dakarrela; baina hori baino, honako beste hau dute zuztarrean euskaltegiko emakume eta gizonek: ekinaren indarra ekinaz neurtzen da. Eutsi, bada, eta ekiozue!