Berriak

 

Covid19 birusaren kutsatze-arriskua gutxitzeko, ahalik eta udal-langile gehienek etxetik lan egiteko agindua eman du Arrigorriagako alkate Maite Ibarrak, eta ondorioz, udaletxean, ekidinezina baino ez denean egongo dira langileak. Udalak ulertzen du une honetan, inoiz baino gehiago egin behar duela interes orokorren alde.

Alkatea buru, astelehenean batzartu zen larrialdi egoera honi jarraipena egiten dion mahaia, eta, udalaren zerbitzuen azterketa egin zuen. Honenbestez, antzeman dute zein zerbitzu diren bete beharrekoak osasun krisiak irauten duen bitartez eta zeintzuk dauden etxetik lan egiteko aukeratik salbuetsita.

Udal gobernuak ere bere jarduteko modua moldatu egin du. Udal gobernuak lanean jarraitzen du, baina, alarma egoerak eskatzen duen neurriak hartuta ari da, bilera telematikoak egiten, adibidez. Arlo bakoitzeko arduradunak norberaren arloa aztertuta eta beharrezko zerbitzua emango dela bermatuta, horrela antolatuko dira udaleko zerbitzuak:

  • Herritarren Arrera Zerbitzuan (HAZ) telefono bidezko zerbitzua (944 020 200) baino ez da eskainiko eta bertan ahalik eta langile gutxien batera egon daitezen ziurtatzeko, txandaka egingo dute lan.
  • Gizarte zerbitzuetan, bitan banatuko dute taldea, egun alternoetan lan egiteko eta hauek ere, telefonoz egingo dituzte kontsulta guztiak, 944 020 206 zenbakiaren bitartez.
  • Udal-brigadari dagokionez, emergentziazko lanak baino ez dituzte egingo eta hauek ere txandaka egingo dute lan, ahalik eta pertsona gutxien egon dadin elkarren ondoan lanean.
  • Udaltzaingoak, bere lanaren izaera aintzat hartuta, ohiko jardunari eutsiko dio.

Langileen antolaketak ez ezik, beste hainbat arlotan ere eragiten ari da, eta eragingo du egoera honek. Prozesu administratiboei dagokienean, adibidez, alarma egoera dekretatzearen ondorioz, prozesu administratibo guztiak etenda gelditu dira. Eta, jada irekita dauden prozedurak ez dira iraungiko: alarma egoera bukatzen denean jarriko dira berriz ere martxan. Udalaren jarduna gutxienekotara egoteak, eragin du, halaber, gobernu bilkurak, batzordeak eta plenoak bertan behera gelditzea, ezinbestean hartu beharreko erabakirik ez dagoen bitartean.