Berriak

 

Atzo, martxoak 17, udalerako lan egiten duten azpi-kontratatutako enpresekin eta bertako hainbat langileekin bilera egin dute udal gobernuko ordezkariek, Maite Ibarra alkatea buru. Izan ere, COVID-19 koronabirusak eragindako egoera arlo askotan eta modu desberdinean eragiten ari da. Ahalegin berezia egiten ari da Arrigorriagako udala, bereziki egoera okerrenean egon daitezkeen pertsonen egoerak zaintzen.

Udalak ematen dituen hainbat zerbitzu azpi-kontratatutako enpresek eskaintzen dituzte. Alarmaegoerak, besteak beste, kontratu hauek etetea eragin dezake, egoera honek iraun bitartean ez dutelako ohiko zerbitzua eskainiko. Kontratu hauek eteteak eragin kaltegarri zuzena izango luke langileengan eta udal gobernuaren ustez hori ekidin beharrekoa da. Arrigorriagako udalak apustua egiten du langile guztien kontratuak mantendu daitezen, izan udal langile edo ez.

Horregatik, udalak ez du kontratuak eteteko asmorik, eta gaur egun udal eraikinetan zerbitzua ematen ari diren azpi-kontratatutako enpresei proposamen zehatza egin die, langileek haien lanpostua manten dezaten. Osasun-krisiak eragindako zerbitzuak ematen jarraitzeko, eragindako enpresei eskatzen zaie martxoaren 23rako proposamen bat aurkez dezatela, ordura arte ematen zituzten zerbitzuak gaur egungo egoeretara egokitzeko, oro har, kontratuaren xede nagusia kontuan izanik.

Egun horretarako prestazio-alternatibarik planteatzen ez duten enpresek Arrigorriagako Udalarekin dituzten administrazio-kontratuak beren borondatez etetea erabaki dutela ulertuko da.