Berriak

 

Gaur arratsaldean abiatuko dira Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekimenak Arrigorriagan, baina egitarauan jasota ez dauden hainbat ekimen egin dira jada. Atzo bertan ezarri ziren herri sarreretan “Ez dugu eraso sexistarik onartzen” dioten panelak. Modu honetan, joan den astean morez margotu ziren bankuekin bezala, gure herriak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna gauzatzeko duen borondatea adierazten da, gaiari ikusgaitasuna ematearekin batera. Bankuak margotzea bezala, panelak jartzearena Berdintasun Kontseiluan landutako proposamena da.

Gaur 16:00etan Madalen elkartearen ate irekien jardunaldiarekin emango zaio hasiera martxoaren 8aren testuinguruan antolatutako egitarauari. Hainbat tailer egingo da Lonbo aretoan. Datozen egunetan, aisialdia, aldarrikapena, festa... uztartuz, aurreko urteotan egindako lanari jarraituz, mugarri berria jarriko da martxoaren 8aren ekimenekin. Bihar bertan, Madalen elkarteak antolatuta, bazkaria egingo da. Martxoaren 8rako hitzordua 10:00etan da, udaletxeko plazan Bilboko manifestaziora elkarrekin oinez joateko.