Berriak

 

Otsailaren 27an egin du Arrigorriagako udalbatzak hil honetako ohiko osoko bilkura. Bertan, lantzeko gaien artean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantza zegoen, udalbatzak onartu dueña.

Bilkuran bertan Joana Etxeberria Politika Feministen zinegotziak azaldu zuenez, denbora luzean eta kontu handiz garatu da Berdintasun Ordenantza. “Aurreko legegintzaldian abiatu zen prozesua eta gaur, hemen, onartzen bada, ez da amaituko; hasi baino ez da egingo bere bigarren zatia eta inportanteena”. Proiektu hau sortu da Arrigorriagako politika publikoak diseinatzeko eta kudeatzeko ereduetan aldaketak sortzeko borondate politikoak eraginda, berdintasun handiagoko lan-moduak arautzeko, bai administrazio mailan bai gizarte mailan, eta berdintasunaren kultura sustatzeko ere.

Zabala eta aurreratua izatea du ezaugarri; izan ere, hasierako zirriborroa bi zinegotziren eta hiru berdintasunerako teknikariren eskuetatik igaro da, eta aberastu egin da Arrigorriagako Berdintasun Kontseiluaren ekarpenekin eta herritarrekin beraiekin, prozesu osoan inplikatuta egon baitira, ez bakarrik arduradun politikoek ordezkatuta, baita agente zuzen gisa ere.

Bere baitan alderdi ugari biltzen ditu: emakumeen eta gizonen arteko oreka udal-organoen ordezkaritza politikoan eta osaeran, berariazko berdintasun-saila sortzea, emakumeen partehartze soziopolitikoa, Arrigorriagako emakumeen etxea sortzea... Guztiak dira udalaren esku-hartze eremuetan eta udalaren administrazio-lanean genero-ikuspegia txertatzeko neurriak, baita sektore-eremuetan ere (hezkidetza, kirola, kultura, komunikabideak, enplegua, etab.).

Era berean, ordenantzak sexu- eta genero-identitatearen aniztasuna onartzen du, eta Udala behartzen du askotariko harremanak onartzera, heteronormatibotasunaren parametroetatik harago.

Bestetik, Emakumeen Nazioarteko Egunari lotutako adierazpena ere onartu zuen udalbatzak. Emakume zinegotziek irakurri zuten testua. Bertan, aldarrikatzen da, besteak beste, “Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia” dela honakoa. Martxoaren 8rako antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia ere egiten da onartutako adierazpenean.