Berriak

 

Urtarrilaren 29an egin du Arrigorriagako udalbatzak 2020ko lehen osoko bilkura. Gai bakarra zegoen erabakitzekoen artean: Arrigorriagako emakume eta gizonen berdintasunerako Ordenantza hasieran onestea . Bada, gaia hilabetez atzeratzea erabaki zuten NOAk proposatuta, EAJ-PNV eta PSEren aldeko botoekin.

NOAk argudiatu zuen kirolerako protokoloa idatzi behar denez, hobe dela ordenantza, hura egin ostean onartzea. EH Bilduk kontra bozkatu zuen, argudiatuz gai batek ez duela bestea zertan baldintzatu.

Emakumeen taldeek hainbat arazo izan dituzte Arrigorriagako futbol zelaietako aldagelak erabiltzeko orduan. Haien partiden ordutegiak gizonezkoenak baldintzatuta egon dira, bigarren mailako erabiltzaileak izango balira moduan. Horren aurrean, Arrigorriagako Udalak esku hartzea erabaki du. Udal-talde guztiek gaia aztertu ondoren, futbolaz harago doan arazoa dela erabaki dute, eta beharrezkoa dela emakumezkoei gizonei aitortzen zaizkien eskubide berberak bermatzeko protokoloa egitea.

Arrigorriagako udal gobernuak esana du lehenago ere, ez duela herrian jarrera baztertzailerik onartzen eta horrelako jarrerak azaleratzen direnean neurriak hartuko dituela. “Arrigorriaga hobea eraiki nahi dugu, inklusiboa, pertsonen arteko berdintasunean oinarritutakoa. Horretarako beharbeharrezkoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea, bereziki haur eta gazteak aritzen diren arloetan, kirol arloan, kasu", Eñaut Barandiaran kirol zinegotziaren ustez.