Berriak

 

Abenduaren 19an egin du Arrigorriagako udalak urteko azken osoko bilkura. Landutako gaien artean, herrian dauden lokal eta trasteleku hutsak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren lehen onespena egin da.

Ordenantzarekin, Arrigorriagako udalerriak duen gizarte-garrantzi handiko arazo bati erantzuna eman nahi zaio: etxebizitzaren arrazoizko prezioko eskaintza eta haren eskaria ez datoz bat. Alde bozkatu dute alderdi guztiek, NOA izan ezik, kontrako bozka eman baitu.

Ordenantzaren testuan azaltzen den moduan, Arrigorriagako eraikinen parkean lokal hutsak daude, beheko solairuko lokalen parkea handiegia baita hirigintza-traman integratutako erabilera komertzialaren eskariari begira, egungo kontsumo-irizpideetatik eratorrita. Horrek esan nahi du ez dela aprobetxatzen egungo ondare eraikia, eta ez du eskaintzen beharko lukeen zerbitzua.

Ordenantzarekin etxebizitza-kopurua handitu nahi da, lurzoru berria erabili beharrik gabe. Horrekin batera, gutxi erabiltzen diren lokalen jabeei irteera bat eskaini nahi zaie, eta beheko solairuetako lokal itxiz betetako auzoen itxura hobetu nahi da, efektu estetiko negatiboa baitute.

Bestetik, EH Bilduko Udal Taldeak AP-68 errepidean hobari sistema ezartzeko aurkeztutako proposamena onartu da NOA, Arrigorriaga Gara eta EH Bilduren aldeko bozkekin. Honenbestez, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatuko zaio, AP-68 autopistaren erabiltzaile bizkaitarrentzat arautu eta martxan jar dezala, ahalik eta lasterren, hilean gastu muga bat ez gainditzeko hobari sistema, bere eskumenekoak diren Supersur, AP-8 eta Artxandako tuneletako errepideetan ezarrita duen antzekoa.

Arrigorriagako Udalaren eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren arteko Hitzarmenaren aldaketa egitea ere onartu zen, edateko ura banatzeko bigarren mailako tokiko sarea kudeatu, mantentzelanak egin, ustiatu eta berrezartzeko.

Halaber, Kultura eta Kirol arloko administrari laguntzaile lan-kontratudunen lanpostu-zerrendaren aldaketaren lehen onespena egin zen, aurrerantzean, kategoria berdinean egon behar diren lanpostuen artean desberdintasunik egon ez dadin, gaur egun gertatzen den moduan.

Halaber, urtarrileko osoko bilkura egunez aldatzea onartu zen, EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOAren aldeko botoekin, EAJ-PNV abstenitu egin zen eta PSEk kontra bozkatu zuen. Urtarrilaren 30ean greba deialdia egina dagoenez, urtarrileko ohiko osoko bilkura 29an egingo da, beraz.