Berriak

 

Arrigorriagako gobernu taldeak prestatzen ari den aurrekontu proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu ditu prentsaurrekoan. Gobernu plana osatzeko egindako prozesuan, herritarrekin zuzenean egon eta hauen beharrak entzun ondoren proiektu zehatzak definitu dira. Ondoren, hauek diruztatzeko ariketa egin dute. Aurrekontu proposamena egin nahi den politikaren isla izango da.

“Joan den astean egin genuen gobernu planaren aurkezpena eta bertan esan genuen moduan, herritar guztiak Arrigorriagan hobeto bizitzea da gure helburua. Gure jarduna definituko dituzten ezaugarriak ere aurkeztu genituen aurrekontu proposamenak ere horiei erantzungo die. Hortaz, urratsez urrats, Arrigorriaga hurbilagoa, osasuntsuagoa, euskaldunagoa, eraikitzaileagoa, feministagoa, justuagoa, irudimentsuagoa, eraldatzaileagoa, garbiagoa eta kohesionatuagoa egiteko bidea emango digu prestatuko dugun aurrekontuak”, Maite Ibarra alkatearen hitzetan.

2020an, indar berezia egingo du udal gobernuak auzoetan eta gizarte zerbitzuetan. “Guztiok jakina da historikoki auzoetan bizi diren herritarrek izan duten pertzepzioa eta ondorioz egin duten eskaria. Alegia, desberdintasunak egon izan direla herrigunea eta auzoen artean. Guk, herritar guztiak berdinak izatea nahi dugu eta horregatik, desberdinkeria horiek gainditzeko bidea jarriko dugu. Auzoak bereziki zainduz eta lehen urte honetatik bertatik hauetan lan eginez”, gehitu du alkateak.

“Gobernu honek, herritarren beharrei erantzuteko egin nahi ditu inbertsioak, herritarren ongizatea helburu, eta ez obra handietan. Eta hori islatuta ikusiko da proiektu honetan”, Peio Garmendia Ogasun zinegotziak azaldu duenez.

Gizarte zerbitzuei lotutako proiektuetan, bereziki bat nabarmendu du. Kultur etxe zaharra Denon Etxea bihurtzeko egingo den lana. “Honen ondorioz, herriko taldeek leku duina izango dute. Besteak beste, Emakumeen Etxea bertan egongo denez, urratsa emango da Arrigorriaga feministagoa egiten laguntzeko”.

Epe laburrean egingo diren beste lan batzuk ere aipatu ditu ogasun zinegotziak: Lonbo bukaerako lurzoruak deskontaminatzea, etorkizunean skate pista egin ahal izateko. Kiroldegiaren fatxada konpondu, murala egiteko. Herrian zehar dauden publizitate panelak aldatzea.

Auzoei dagokienean, “Santa Isabelgo espaloietako bat konponduko da, eskailerak kentzeko asmoz. Abusu Zentro Soziokulturaleko teilatuko itogina ere konponduko da”.

Bestetik, eta kontuan izanda 2020an Euskaraldiaren bigarren edizioa egingo dela, proiektua indartzeko asmoz dinamizatzailea kontratatuko da eta aurrekoarekin alderatuz, handitu egingo da inbertsioa arlo honetan. Ñabardura bat ere egin du Garmendiak: “Inbertsioetarako egongo den partidatik zati bat, Kultur Etxe berrira bideratu behar da, hortaz, mugatua izango da inbertsioetarako dirua 2020an. Heldu den urtetik aurrera egin ahal izango dira aldaketa handiagoak aurrekontu proiektuari dagokionean”.