Berriak

 

2018. urtearen bukaeran hizkuntza ohituren aldaketan pauso garrantzitsuak eman ziren Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenaren baitan. Eta esperientzia errepikatzeko asmoz aurkezpenak egiten ari dira herrietan. Hilaren 14an Arrigorriagako udaletxean egindako saioan,
2018ko Euskaraldiaren balorazioa eta 2020koa prestatzeko lana abiatu zuten bertaratutako euskaltzaleek.

Ekitaldian, aurreko Euskaraldiko hamaikakoko kideek hitza hartu zuten eta bizitako esperientziak partekatu zituzten. Eta honekin batera, aurrera begira ere jarri ziren. Jon Garai aurkezleak hurrengo edizioaren berri eman zuen.

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den bigarren edizioan pauso berriak emango dira eta, norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartuko dituzte euren eremuko langile, bazkide
edota kideen hizkuntza praktika berriak bultzatzeko. Beraz, norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, taldeetara ere egingo da salto bigarren edizio honetan. Honela, herritarrak Ahobizi eta Belarriprest izaten jarraituko dute eta entitateetan sortuko diren euskaraz eroso aritzeko guneak, Aringune esparruak gehituko zaizkie.

Padura Saskibaloi taldeko Jon Ander Paredesek eta Aritzberri dantza taldeko Itxaso Azkonak hitza hartu zuten ekitaldian, euren desioak plazaratuz, udaleko ordezkariarekin batera. Udalaren izenean, Eñaut Barandiaran euskara zinegotziak hartu zuen hitza. Instituzio batetik hitz eginda, Barandiaranek, desioez baino konpromisoez hitz egitea lehenetsi zuen. Joan den astean aurkeztutako gobernu planean jada jasoak ditu udalak hainbat konpromiso.

Saioari amaiera emateko, desioak eta esperientziak eskegi zituzten sarean.