Berriak

 

2020 eta 2023 urteetako jarduna biltzen duen 100 neurriko gobernu plana aurkeztu du Arrigorriagako gobernu taldeak. Udaletxeko Euskaldunberria aretoa jendez gainezka zegoela egin da ekitaldia. Bertan, gobernu taldeko kideek, gobernuaren ardura hartu zutenetik gaurdaino egindako prozesuaren berri eman dute, planaren beraren xehetasunak azaltzearekin batera.

Ekitaldi hasiera emateko, jendearekin egindakoa partekatzearen garrantzia nabarmendu dute. “Garrantzitsua da gobernuarentzat jendearekin hau partekatzea, bere jardunaren zentroa pertsonak baitira eta herritarrekin partekatu nahi dute egiten de hori, herritarren eskubide eta gobernuaren betebehar delako”, Joana Etxeberria zinegotziaren esanetan.

Legegintzaldirako iparrorratza izango da plana.

Gobernuaren ardura hartu zuenetik ekitaldira heldu arte, egunerokotasunari erantzutearekin batera gobernu plana prestatzen aritu da taldea. Eraikitzeko klabean aritu dira. Urteotarako gobernu planak zein egitura izan behar zuen definitu da, ardatz nagusiak identifikatu eta gero arloz arlo neurri zehatzekin osatu arte, 100 neurriz osatutako gobernu plana egin arte.

“Ordu asko eta indar handia inbertitu behar izan dira lan honetan, ez baita erraza hau guztia neurri zehatzetan antolatzea, baina sinistuta gaude, orain egindako ahaleginak aurrera begirako lana erraztu egingo duela”, esan du Etxeberriak.

Eta bide horretan, eragileen ordezkariekin, herritarrekin eta udal langileekin ere partekatzeko parada hartu dute. Elkarlana baita gobernu talde honen lan egiteko ezaugarrietako bat. Horrela ulertzen dute herrigintza, herritik eta herriarekin elkarlanean egiten dena.

Nola egin da plana? “Hauteskundeetara herri programa banarekin aurkeztu ginen EH Bildu Eta Arrigorriaga Gara, bateratu genuena akordio batean. Herritar eta eragileekin partekatu zena. Hori osatu dugu ondoren udal langileen ekarpenekin eta berriz ere eragile eta herritarren ekarpenekin”, esan dute Maite Ibarra alkateak eta Maria Jesus Acedo alkate ordeak.

Plan dinamikoa da hau. 100 neurri hauetaz gain, gai gehiagori ere helduko zaiolako. Behar berriak sortuko direlako eta herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzen jarraituko delako. Plan neurgarria izango da. Konpromisoa hartu du gobernuak neurrien nondik norakoez eta planaren beraren betetze mailaz herritarrak informatzeko. Udal jardueran gardentasuna ezinbestekoa delako, eta gainera herritarren eskubidea delako. Horretarako, webgune propioa izango du planak, laster egongo dena martxan, Eñaut Barandiaranek azaldu duenez.

“Etorkizun laburrean Arrigorriagan hobeto bizitzeko aukera emango diguten neurriak jaso ditugu bertan, eta ondorioz, herritarrentzat hobea izango den herria izango dugu.

Gure iparrorratza izango da eta oinarri sendoak jarriko ditu sortu nahi dugun Arrigorriaga berria eraikitzeko, herritarrei hobeto bizitzea ahalbidetuko diena”, Maite Ibarra alkatearen ustez.

“Ehun neurriak antolatzerako garaian erabili ditugun hitz gakoek definituko dute gure lan eta kudeaketa eredua: Arrigorriaga hurbilagoa, osasuntsuagoa, euskaldunagoa, eraikitzaileagoa, feministagoa, justuagoa, irudimentsuagoa, eraldatzaileagoa, garbiagoa eta kohesionatuagoa dugu helburu, eta horiek izango dira gure lan ildoak hurrengo legealdian”, alkatearen eta alkateordearen esanetan.

Era guztietako neurriak daude: estrategikoak, handiak, txikiak... Baina denak zehatzak, egingarriak, neurgarriak eta langa jarriko dutenak.

Batzuk azaldu dituzte Idoia Medina eta Peio Garmendia zinegotziek: kiroldegi berria egiteko prozesu parte hartzailea. Euskara arloan hitzarmen berria eragile eta elkarte ezberdinekin. Pertsona nagusien parte hartzea sustatu hirigintzako proiektuetan. Zinema eskaintza zabaltzea urtean zehar. Udal sukaldea sortzeko proiektua garatzea. Auto taxi zerbitzua pertsona adinduentzat eta mugikortasun arazoak dituztenentzat. Santa Isabelgo eta Ollargango eskailerak kentzea. Kultur etxe zaharren Denon etxea sortzea.

Ekitaldian gobernu planaren laburpena banatu da eta datozen egunotan etxean jasoko dute herritarrek plan osoa agerkari formatuan.

100 neurriak. Laburpena (PDF 2,67MB)