Berriak

 
Hilaren 28an egindako ohiko osoko bilkuran udalbatzak abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunari begira Erakunde Adierazpena onartu du aho batez. Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Egunaren inguruko Erakunde Adierazpena ere aho batez onartu da. Azken hau, Berdintasun Kontseiluan landuta zegoen aurretik, bertan parte hartzen duten alderdietako eta eragileen artean.

Hainbat erakunderen artean landutako adierazpena onartu du Arrigorriagako udalak ere, aho batez. Adierazpenean aldarrikatzen den elkarlanari eta gizarte osoaren elkarlanari jarraituz, bilkura amaitu ondoren, herritar talde batek egin du adierazpenaren irakurraldia.

Bertan, urte hauetan guztietan euskarak egindako bidea txalotzen da. "Eta asko lortu da. Jardunak berak erakutsi digu, erakusten digu egunero, ezinbestekoa dela bide horiek, gauzak egiteko moduak, etengabe eguneratzea, eraberritzea, irudimenez biziagotzea. Eta argi erakusten ari gara euskalgintzan ari garen guztiok prest gaudela, eta gogotsu, irakaspena barneratzeko eta praktikan mamitzeko".

Iaz lehen aldiz egin zen ekimen handiari, Euskaraldiari ere erreferentzia egiten dio. “Ezagutzen ez genuen modu batean aktibatu zituen iazko gizarte-ariketa arrakastatsuak euskal hiztunak, neurri batekoak nahiz bestekoak. Aktibatu zituen, baita ere, herri aginteak eta askotariko gizarte- erakundeak, ikuspegi berri batetik. Eta, batez ere, estrategiak eta diskurtsoak eraberritzeko joera eta prestasuna aktibatu zituen. Aldekotasuna, horrela, konpromiso eragingarri eta praktiko bihurtzeko bidean jarri zen”.

Arlo sozioekonomikoak eta euskararen erabilerak elkarri egin behar dioten ekarriaren garrantzia ere nabarmentzen da agirian. Ez da gutariko inorentzat ezezaguna. "Bai baitakigu ez dela hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik".

Abenduko osoko bilkuraren data aldatzea onartu zen eta honenbestez, abenduaren 19an egingo da.

Euskera Eguna adierazpena (PDF, 440KB)
A25-ko adierazpena (PDF, 920KB)