Berriak

 

Abenduaren 3an ospatuko da, ohi denez, Euskararen Eguna. Nazioarteko egunaren testuinguruan, baina, aurreko egunotan ere izango da ekimenik. Bihar bertan, hilaren 28an, izango da lehena. Udalbatzaren osoko bilkuraren ostean, herritarrei emango zaie protagonismoa. Euskararen Egunean, EUDELek proposatu eta Arrigorriagako alderdiek landutako adierazpen instituzionala irakurriko dute hainbat herritarrek.

"Modu horretan, protagonismoa partekatuko da herritarrekin, izan ere, behar beharrezkoa da euskararen normalizazioa eman dadin, gizarteko agente guztien inplikazioa, instituzioena, eragileena eta herritarrena", Eñaut Barandiaran euskara zinegotziaren arabera.

Aisia euskaraz gozatzeko ere parada izango da, azaroaren 30ean, Agur Etxebeste filma ikusteko aukera egongo da Lonbo aretoan, 19:30ean, doan. Gazteei zuzendutako ekimenik ere egingo da. Abenduaren 3an bertan, Aiora Mujika Probatxoa youtuber-arekin Youtube saioa egingo baita Institutuan. Gazteek euren aisialdian euskaraz ere lekua baduela landuko dute horrela. Egun horretan bertan, arratsaldeko 19:00etan hausnarketarako aukera izango da, Ohiko Osoko Bilkura Aretoan egingo den mahai inguruan. Beñat Zarrabeitia kazetariak gidatuta, Iratxe Fresneda zinemagilea, Arkaitz Zipitria bertsolaria eta Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalaria izango dira hizlari. Haurrei zuzendutako saio bat ere egiteko asmoa bazuen Arrigorriagako udalak.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots emanaldia egitekoak ziren. Iruñean egin behar zuten saioa bertan behera utzi ondoren, egun horretan (hilaren 29an), Arrigorriagan saioa egiteko aukera aztertu zen. Azkenean, baina, ez da aukerarik izan. Iruñeko udalak jarritako debekuaren itzal luzeak ez du horretarako bide eman. Arrigorriagako udalaren ustez, baina, pailazoen taldeak haurrekin egiten duen lanketak bat egiten du Udalak landu nahi dituen baloreekin (euskararen aldeko lana, pertsonen arteko berdintasuna, errespetua...) eta horregatik, aurrerago herrira etor daitezen lanean ari da.