Berriak

 

Argi du Arrigorriagako udal gobernuak, Maite Ibarra alkateak euskaraz eta Maria Jesus Acedo alkateordeak gaztelanian azaldu dutenez, herritarrak direla euren lanaren erdigunea, “Arrigorriagako udaleko ardura hartu genuenetik, argi dugu herritarrak direla gure jardunaren erdigunea eta horregatik, haiengan pentsatuz egiten dugu lan. Herritarrak erdigunera ekartzearekin batera, Arrigorriagako udal gobernuarentzat oso garrantzitsuak dira, besteak beste, herritarreko harreman zuzenak eta informazioaren gardentasuna”.

Testuinguru horretan kokatu dituzte orain arte egindako beste ekimen batzuk. “Adibidez, gobernu plana egiten ari gara herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea helburu, 100 neurri zehatz eta egingarri izango dituena. Eta horretarako prozesua, dakizuenez, elkarlanean egiten ari gara herritarrekin eta ematen ditugun urratsak komunikatu egiten ditugu”, esan dute.

Udal buletina egingo du Arrigorriagako udalak aste honetatik aurrera. Asteroko maiztasuna izango du, ostegunetan bidaliko da. Orain arte, albisteak sortu ahala bidaltzen zitzaizkien hala eskatutako herritarrei emailez. Bada, udalak ikusi du formatu hori ez zela oso eraginkorra eta herritarrekiko hartu-emana hobetu asmoz sortu du buletin hau.

Udalaren (bere osotasunean hartuta) ikuspegi integralagoa emango du asteroko bilduma bat izateak, eta herritarrak ez ditugu mezuekin itoko, jakingo dute, gainera, aurretik noiz jasoko duten udalaren berri.

Orain arteko zerrendari egingo zaio banaketa eta aukera izango da berau jasotzeko eskaera egiteko webgunearen bitartez. Euskaraz eta gaztelaniaz egongo da informazioa. Euskarazko alea da lehenik ikusten dena, baina botoi bakarra sakatuz irakur daiteke informazio berbera gaztelaniaz.

Ildo honetan lanean jarraitzeko asmoa agertu dute Ibarrak eta Acedok, eta “hortaz, gaur egun ditugun komunikazio tresnak indartu eta hobetzearekin batera, orain egin bezala, berriak ere sortuko ditugu. Gure asmoa da datorren urtean udal aldizkari bat egiten hastea, aukera izateko herritarrei informazioak zuzenean emateko”, adierazi dute.