Berriak

 

Arrigorriagako udala eta GEHITU elkartea elkarlanean, formakuntza tailerrak egiten ari dira futbol taldeekin, hezkuntzan aniztasun afektibo sexuala lantzeko. C.D. Padura, eta C.D. Montefuerte taldeek parte hartuko dute ekimenean.

Kadete eta infantil mailakoekin ari dira lanketa egiten. Momentuz, tailer bat egin da eta hurrengoa hilaren 11n egingo da. Lehen saio horri dagokionez, balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. GEHITU elkartekoek balorazioan azaldu dutenez, “urteetako esperientziak irakatsi digu garrantzitsua dela gazteen espazio ezberdinetara aniztasun afektibo sexualaren inguruko errealitate anitzak gerturatzea”.

Hala, kirol eta futbolaren munduan ekitea garrantzitsua iruditzen zaie bi erakunde antolatzaileei. Izan ere, testuinguru horietan askotan ez dago LGTBIQ+ kolektiboaren inguruko iruditegi positibo eta balizko bat.

Tailer horren esperientziatik ondorioztatu ahal izan dute badagoela zer landu oraindik. Gutxi gora behera parte hartzaileen erdiari iruditu zaio bizitzan aberasgarri izango zaiola gai horren inguruko informazioa jaso izana. Beste erdiak, oraindik ez du baloratzen horrelako formazio saioak jasotzeko aukera.

Zaila da, tailerrak ematen aritu direnen ustez, gazteen aisi-testuinguruan ekin ahal izatea, gizartean gune horiek oraindik ez baitira heziketa espazio bezala ulertzen. Bestetik, gaia lantzearekin batera informazio berria jaso zuten, eta orain, informazio hori atxiki eta mantentzean dago erronka, haien ustez. Halaber, “tailerrean zehar gustura egon zirela helarazi ziguten gehienek eta datozen saioetan berdin jarraitzea espero dugu, aniztasun afektibo sexualaren inguruan hitz egin eta hausnartzeko gune erosoak sortuz”, esan dute saioa eman duten kideek.