Berriak

 

Arrigorriagako udalak urriaren 31n egindako osoko bilkuran, Kataluniarekiko elkartasuna erakusteko adierazpena onartu zuen. Udal gobernuak gardentasunaren izenean, batzarretan parte hartzeko aukerarekin batera, bertan hitz egiten direnen berri emateko konpromisoa hartu du.

Kataluniari buruzko adierazpenarekin, desadostasuna agertu dute arduradun politiko zein gizarte eragileetako ordezkariei jarritako zigorren inguruan eta erreferenduma ez dela delitua aldarrikatu. Gaiari lotutako mozio desberdinak proposatu zituzten, EH Bilduk alde batetik eta EAJ-PNVk bestetik. Azkenean, horiei ez, EAJ-PNVk proposatutako Gure esku dago ekimenak landutako proposamenari atxiki zitzaizkion. Bilkura amaituta taldeko argazkia egin zuten aipatutako atxikimendua adierazteko.

Emergentzia klimatikori buruzko bi mozio ere onartu ziren. Alde batetik talde ekologistek aurkeztu eta EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak plenora eraman zutena (Arrigorriaga Gara, EH BILDU eta NOAren aldeko botoekin. Kontra bozkatu zuten PNVk eta PSEk). Azken bi hauek, Eusko Legebiltzarrean onartutakoa proposatu zuten eta haien eta NOAren aldeko botoekin onartu zen. Arrigorriaga Gara eta EH Bildu abstenitu egin ziren.

Bestetik, herritarren parte hartzea arautzeko akordioa ere onartu zen. Aurten egiten ari denari berme juridikoa ematen dio aipatu akordioak (ez da ordenantza bat). Arrigorriaga Gara, EH Bildu eta NOAren aldeko botoekin onartu zen. Abstenitu egin ziren EAJ eta PSE.

EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak pentsionisten aldeko mozioa ere eraman zuten plenora. Bi hauen eta NOAren aldeko botoekin onartu zen. Kontra bozkatu zuten EAJk eta PSEk. Puntu gehienekin adostasuna agertu zuen EAJk, bi punturekin izan ezik, hortik ezezko bozka. Kirol zerbitzuetako langileen lan baldintzei buruzko mozioa ere landu zuten, sindikatu guztien izenean aurkeztutakoak ez zuen aurrera egin. Aitzitik, EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen eta hori onartu zen, aldeko EAJ eta PSEren bozkekin eta NOAren abstentzioarekin.

 Adierazpen instituzionala (PDF 254KB)