Berriak

 

Hainbat helduleku ditu Gobernu Planaren lanketak: alde batetik, badago udal gobernua osatzen duten bi alderdiek adostutako agintaldi plana; bestetik, orain arte hainbat elkarterekin egin izan diren bilerak eta, bukatzeko, orain egingo auzoetan eta herritarrekin diren bilera irekiak.

Arrigorriagako Udalak herritarrekiko hurbiltasunean, gardentasunean eta parte hartzean oinarritu nahi du datozen lau urteetan garatuko duen herri proiektua. Horregatik, eta horretarako, ehun neurri zehatz eta neurgarritan hezurmamituko den Gobernu Plana aurkeztuko du urte bukaera baino lehen.

Helburua argia da Maite Ibarra alkatearen ustez: "Gobernu Plan honetan Arrigorriaga berri baten oinarriak jasoko dira, herri justuagoa, orekatuagoa, garbiagoa, euskaldunagoa eta feministagoa helburu". Datozen lau urteotako aurrekontuak ere, ehun neurri hauetan oinarrituko dira, nahiz eta prozesu honetan guztian neurri gehiago jaso eta garatu.

Ibilbide honetan bidaide nahi ditu udalak herritarrak, Arrigorriaga hobea lortzeko. Prozedura zehatza pentsatu du udalak. Urriaren erdialdean hasita, azaroa amaitzearekin batera bukatuko da ekimena. Bilera irekiak egingo dira lehenik, herritarren lehentasunak zehazteko eta proposamenak jasotzeko. Ondoren, udal langile eta teknikariekin balorazioa egingo da eta proiektuak lehenetsiko dira. Azken urratsa, abenduaren bueltan, 100 neurriz osatutako Gobernu Planaren aurkezpen publikoa egingo da, herritar eta eragileekin.

Datozen egunotan, etxeetara banatuko dira esku-orriak informazio guztiarekin eta ekarpenak egiteko fitxa batekin. Herritarrek proposamenak uzteko, hautetsontziak jarriko dira herriko hainbat lekutan: Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZen), Kiroldegian eta Abusu Zentro Soziokulturalean. Modu berean, inkestak arrigorriaga.eus web orrian bete eta bidali ahal izango dira.

Egutegia

  • 2019/10/21 Emakumeak (herrigunea): 19:00etan Kultur Etxean
  • 2019/10/22 Herrigunea 19:00etan Osoko Bilkura Aretoan
  • 2019/10/23 Adinduak 13:00etan Jubilatuen etxean
  • 2019/10/24 Abusu 19:00etan Abusu Zentro Soziokulturalean
  • 2019/10/25 Gazteak 19:00etan Gaztegunean
  • 2019/10/28 Kubo, Martiartu, Aixarte, Larrasko 19:00etan Osoko Bilkura Aretoan 
  • 2019/10/29 Lanbarketa, Salud e Higiene Lanbarketako Jubilatuen Etxean 
  • 2019/10/30 Abusuko emakumeak: 19:00etan Abusu Zentro Soziokulturalean