Berriak

 

Arrigorriagako udalak prozesu bat jarri du abian, idazten ari den HAPOan Genero Ikuspegia txertatzea helburu.

Hirigintza eta Berdintasun udal sailek sustatu dute eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailen dirulaguntza jaso du.

Helburuak. Batetik, udal-plangintzan, besteak beste, honako alderdiok txertatu nahi dira: erasoen eta mehatxuen aurreko segurtasuna, kalte eta arriskuen aurreko babesa, irisgarritasun unibertsala, oinezko mugikortasuna eta garraio publikoa, lurraldearen erabilerarako denboren kontziliazioa edo zaintza lanak artatzea.

Bestetik, erabakiak hartzeko orduan honakoak hartu nahi dira kontuan: partehartzea, zeharkakotasuna, aniztasuna, ekitatea eta ongizatea.

Partehartze prozesua. Udazkenean zehar egingo diren saioetan parte hartuko dute besteak beste Berdintasun Kontseiluak edota udal teknikari zein ordezkari politikoek.

Herritarrentzako lanketa-saioak. Gainera, herritarrei zuzendutako bi saio prestatu dira:

  • HERRIGUNEA: Arrigorriagako udaletxea: urriaren 9an, asteazkenean, 18:30ean, udalbatza aretoan.
  • ABUSU: Abusu Zentro Soziokulturalean, urriaren 16an, asteazkenean, 18:00etan.

Prozesu honetan ez ditugu hirigintzan “adituak” behar, bizimodua Arrigorriagan egiten “arituak” baizik.

Beraz, Arrigorriagako edozein auzotako kaleetan bizi edo orduak ematen dituzten emakumeei zuzendutako saioak dira hauek, adina, jatorria edo bizi-baldintzak edonolakoak izanik ere (eta bai, gizonezkoak ere ongi etorriak izango dira).

Amaitzeko, deialdi hau zuen inguruan zabaltzeko laguntza ere eskatzen dizuegu. Eskerrik asko!