Berriak

 

Kultura sailetik jaien balorazio positiboa egiten dugu. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiogu Jai Batzordeari egindako lan eskergagatik, jaiek iraun duten bitartean ezezik, aurretik ere bai. Nabarmentzekoa izan da, baita, herritar zein elkarteen inplikazioa. Parte hartzea handia izan da ekintza gehienetan eta bereziki elkarteek edo eragileek antolatutakoen kasuan (Playback, paellada, bertso bazkaria, dantza saioak, lehiaketa gastronomikoa, nagusien bazkaria, Folklore jaialdia, tutea, Kirol elkarteen ekintzak, kaleko ekintzak eta abar). Hori dela eta, Jai Batzordeak jai herrikoi, parte hartzaile eta euskaldunen aldeko apustua egiten jarraituko du, eta datorren urterako Arrigorriagako gazte, ume eta familietara ere zabaldu nahi du parte hartze hori, bai batzarretan zein programaziorako ideiak biltzerako orduan.

Modu berean, udal langileek zein udaltzainek sei egun hauetan egin duten lana azpimarratu nahi dugu, euren jardun eta prestutasunarekin jaiak egoki gauzatzea bermatu duten heinean. Esker onen atalean ez genuke kanpoan utzi nahi urte askoan Kultura zinegotzia izan den Maite Custodio andrea, jaiak prestatzen izan duen erantzukizunagatik.

Bestalde, eraso sexistarik gabeko jaiak izan direla azpimarratu nahi dugu. Berria berez pozgarria bada ere, bai gizartearen zein erakunde publikoen betebeharra da emakumeek jaiez libre gozatu dezaten lanean jarraitzea eta, zentzu horretan, datozen urteei begira ere herriko hainbat kolektiborekin jorratu beharreko gaia izango da.