Berriak

 

Aurten ere Arrigorriagako jaiek sukaldarien trebetasunari proba egingo diote Angel Mínguez Gastronomia Lehiaketaren bidez. 2019ko Madalenetan lehiaketaren XXXVI. edizioa egingo da. Tradizioak agintzen duenez, lehiaketa uztailaren 25ean izango da, Ugertza parkean. 10:00etatik aurrera bakailao-, marmitako-, paella- eta tortilla-lurrina leku guztietara iritsiko da.

Sukaldaritzako hitzordu garrantzitsu horrez gain, jaietan gastronomiari lotutako askoz ere ekitaldi gehiago antolatu dituzte; adibidez, berdintasunerako paella-jana. Uztailaren 23an egingo da, asteartean, arratsaldeko 15:00etan, udaletxeko arkupean. Prezioa bost euro izango da, eta musikarekin girotuko da.

Asteazkena ere, uztailaren 24a, egun garrantzitsua izango da. Izan ere, udalerriko erretiratu eta pentsiodunak omentzeko bazkari-omenaldia egingo da 14:00etatik aurrera, kiroldegiko kantxa urdinean, eta ondoren dantzaldia egongo da Ganeko taldearen eskutik. Ordubete geroago, udaletxeko plazan bertso-bazkaria egingo da, besteak beste Xabi Paia  eta Fredi Paia bertsolariekin.

Aurretik ere, uztailaren 20an, Gure Esku Dagok antolatutako txistorra-jan herrikoiaz gozatu ahalko da. 19:00etan eta urteroko izozki-banaketa tradizionala egingo da Kultur Etxearen sarreran 23an 20:30etan.

Hilaren 22an, Madalena Egunean, mistelak eta madalenak banatuko dira goizean, eta eguerdian, janaurrekoan, txakolina eta olibak. Ordu erdi geroago, VIII. Oliba-hezur Jaurtiketa egingo da, egitarauan agertzen diren beste zenbait txapelketa dibertigarriren artean: pizza-jaurtiketa, tiragoma-txapelketa… Gainera, mus- eta tute-txapelketak edota haurrentzako lehiaketak, puzgarriak, aparra eta buruhandiak egongo dira. Bestalde, etxeko txikientzako jarduera ugari antolatuko dira.

Egitaraua (PDF 11,7MB)