Berriak

 

Udako oporretan murgilduta gauden honetan, Gazteria sailak urteko lehen seihilekoaren balantzea egin nahi du. Seihileko horretan, nerabe eta gazteentzako jarduera, ikastaro eta tailerren eskaintza zabala eta askotarikoa izan da, hala Abusuko Gaztetxokoan nola herriguneko Gaztegunean.

NERABEAK

Urtarriletik ekainera, 150 nerabek baino gehiagok hartu dute parte Gaztechef ekimenaren barruan egin diren 13 sukaldaritza-tailerretan. Horietan, telebistako sukaldaritza-programa ezagunak imitatuz, askotariko jakiak prestatu dituzte: gozokien tarta, ezinezko zaporeak, cup cakeak, txokolatearekin egindako marrazkiak… Tailer horien helburua izan da autonomia sustatzea, sukaldeari loturiko estereotipo tradizionalak haustea, berdinen arteko lankidetza indartzea eta gozaraztea.

Eskulan-tailerrei dagokienez, 25 nerabek eskuzko trebetasunak landu dituzte, eta aitaren eta amaren egunerako opariak egin dituzte maina eta maitasun handiz. Horrez gain, 75 nerabek tailer dinamikoagoetan hartu dute parte: zirkua, karaokea, ginkana botanikoa, cluedo interaktiboa… Jolas-topaketak ere egin dira, eta 50 nerabe inguruk hartu dute parte horietan.

Gizarte-kontzientzia sustatze aldera, dozenaka nerabek Emakumearen Nazioarteko Eguneko ospakizunetan hartu zuten parte, Gazteria saileko taldearekin batera. Horrez gain, Gaztegunean ospakizunak egin ziren Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, maiatzaren 17an, eta LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, ekainaren 28an.

Irteerei eta txangoei dagokienez, 30 nerabe kultura urbanoen Break on Stage jaialdia ikustera joan ziren. Berrikiago, ikasturte amaierako irteera egin zuten 43 nerabek El Barranco Perdido parkera.
Ekainaren 23an San Juan gau tradizionala ospatu zen Mendikosolon, eta, ikasturteari amaiera eta udari hasiera emateko, beste behin ere multiabentura-udalekuak egin dira. Aurten 34 nerabek hartu dute parte. Osagarri gisa, aurten, udaleku teknologikoak egin dira (20 plaza bete dira), baita zinema eta youtube udalekuak ere (15 plaza bete dira).

GAZTEAK

Udalerriko gazteen programazioari ekiteko, 12 gaztek robotikako begirale-ikastaroa egin zuten. Bertan, ikasleek teknologia eta robotikako begirale gisa espezializatzeko aukera izan zuten, gero eskolaz kanpoko jardueretako eta udalekuetako ikasleei irakasteko gai izan daitezen.

Prestakuntzarekin jarraituz, 13 pertsonak hartu zuten parte zeinu-hizkuntzako ikastaroan, eta, laugarren aldiz, oporretako azoka egin zen martxoan, iazkoaren antzeko parte-hartzearekin (125 pertsona inguru).

Irteerei dagokienez, berriro egin zen irteera kulturala, eta hogei gazte inguruk hartu zuten parte. Horren barnean, bisita gidatu bat egin zuten Mirandaolako burdinolara, beste bat 1950eko eskolara eta, ondoren, bazkaria sagardotegian. Aurten, berritasun gisa, hamabost gazte inguru Bilbora joan ziren. Bertan, scape room birtual batez gozatzeko aukera izan zuten, eta ihes-joko bat egin zuten hiriko kaleetan zehar. Ildo horretan, eta lankidetza-prozesuekin jarraituz, gazteak inplikatuko dira Warner parkera joateko asteburuko irteera bat prestatzen lagun dezaten. Dagoeneko hogei bat gaztek eman dute izena.

Lehiaketen arloan, ohi bezala, Bidazti lehiaketa jarri zen abian, zeinetan herriko gazteek sei proiektu aurkeztu baitzituzten. Eta irailera arte martxan egongo da Arrigazte argazki-lehiaketa. Azken horren barruan bidaietako esperientzien ehunka argazki jasotzea espero dugu. Aurten, gainera, sari berezi bat egongo da herriko parte-hartzaile batentzat.

Udako oporren ondoren, halako jarduerak (ikastaroak eta tailerrak, lehiaketak, Halloween…) egiten jarraituko dugu, eta berritasun gehiago ere izango ditugu. Gazteria sailak espero du jarduera horiekin guztiekin Arrigorriagako gazteen interesa pizten jarraitzea.