Berriak

 

Uztailaren 4an (osteguna), fronteniseko txapelketaren finala jokatuko da pilotalekuan eta, ondoren, Perroloco taldeak kontzertua eskainiko du. Hurrengo egunean, uztailaren 5ean, 2019ko Abusuko jaiei hasiera ofiziala emango diegu, 20:00etatik aurrera, fanfarriarekin eta Bolintxu elkarteak antolatutako euskal dantzekin, baita pregoi tradizionalarekin ere. Jaiek asteburu osoa iraungo dute.

Jaiak hasi eta minutu batzuen buruan, gazta eta txakolin dastatzea egingo da. Hanburgesa txikiak ere dastatu ahal izango dira, 1,5 euroren truke. Eta, 23:00etan, DJ Markelin taldeak amaiera musikala emango dio jaietako lehen egunari.

Jaien erdigunea uztailaren 6a izango da. Goizez, txahal bat erreko dugu pilotalekuaren inguruan, eguerdian errazioetan banatzeko. Eguerditik hasita, haurrentzako parkea eta puzgarriak egongo dira Santa Isabel plaza berrian, baita xake-lehiaketa ere, zentro soziokulturalean eta dardo-txapelketa txosnaren ondoan. Horrez gain, Al son akademiak dantza-erakusketa eta -tailerra eskainiko du.

Herri bazkariaren ondoren, etxeko postreen lehiaketa egingo da eta, beranduago, Tolín el Mariatxiren ikuskizunarekin gozatu ahal izango dugu. Gero, tute arineko txapelketa egingo da, Rubik magoak bere ikuskizuna eskainiko digu eta txikientzako jokoak egongo dira. Eta, horrez gain, entzierroa egingo da Santa Isabel kaletik Olatxura arte. Horren ostean, txorizo-jana eta erromeria egingo dira Olatxuko plazan. Eguna ixteko, disko-dantza egongo da pilotalekuan.

Eta igandean, egunari hasiera emango diogu hainbat gastronomia-lehiaketaren eskutik: pintxoak (nahitaez erabili beharko dira gulak), tortillak eta paellak. Pilotalekuaren eremuan egingo dira, eta platerak 13:00etan, 14:00etan eta 14:30ean aurkeztuko dira, hurrenez hurren. Haurrentzako parkea 11:30etik aurrera egongo da irekita eta, eguerdi aldera, igel-toka txapelketa antolatu dugu. Ordu eta erdi beranduago, Abusuko irrintzien V. txapelketa egingo da eta, horren ostean, sari guztien banaketa. Ondoren, 14:45ean, herri bazkaria egingo dugu.

Bazkariaren ondoren, 16:30ak aldera, karaokea egingo da pilotalekuan eta, 17:30ean, futbito-txapelketako finala ikusi ahal izango dugu. Gero, urteroko txokolate-jana. Jaiak amaitzeko, disko-txikia egingo da 20:30ean, eta, ondoren, beti bezala, maskotari agur esango diogu, 22:00etan.

Egitaraua (PDF 2,20MB)