Berriak

 

Plataforma Bilboko, Leioako, Vitoria-Gasteizko, Iruñeko eta Hendaiako Udalek eta Lapurdiko Euskal Herriko Hirigunea-Hamekak osatzen dute.  Libourneko, Iurretako eta Arrigorriagako udalak, Nafarroako Quiero Teatro antzerki sustatzailea eta Gipuzkoako  Dantzagunea sorkuntza zentroa laguntzaile gisa arituko dira

2020an sustatzaileen jaialdietan parte hartuko duen proiektu bat aukeratuko dute. Proposamen artistikoak aurkezteko epea uztailaren 14ra arte egongo da zabalik. Informazioa www.karrikan.eu  webgunean dago eskuragarri

Bilboko, Leioako, Gasteizko, Iruñeko eta Hendaiako udalek eta Euskal Herriko Mankomunitateko Hameka Sormen Lantegiak (Lapurdi) euren indarrak batu dituzte berriro, Pirinioen bi aldeetan kaleko arte eszenikoen sorkuntza lanak bultzatzeko eta Karrikan plataformaren laguntzen laugarren deialdia zabaltzeko xedez. Aipatutako bazkide horiez gain, Libourneko, Iurretako eta Arrigorriagako udalak, Nafarroako Quiero Teatro antzerki sustatzailea eta Gipuzkoako Dantzagunea sorkuntza zentroa laguntzaile gisa arituko dira. Proposamen artistikoak aurkezteko epea uztailaren 14ra arte egongo da zabalik. 

Bazkide diren erakundeek, proiektu bat aukeratzeko konpromisoa hartu dute. Sorkuntza prozesuan laguntza ekonomikoa, teknikoa eta artistikoa jasotzeaz gain, sustatzaileek 2020an antolatutako jaialdi handietan eta ekitaldi eszenikoetan ere programatuko da.

Izan ere, “Karrikan” plataformaren xedea, Euskal Herrian (7 lurralde historikoetan) kaleko arteetan gero eta indar gehiago hartzen ari diren eta espazio publikoan jarduten duten eta profesionalak diren edo profesional izateko bidean dauden artisten sorkuntza lanak bultzatzea da. Balio berezia emango zaio “kaleko ikuskizuna” kontzeptuari. Horrela, “zuzeneko ikuskizuna” lantzen duten diziplina guztiak onartuko dira: antzerkia, dantza, zirkua, diziplina anitzeko ikuskizunak, etab. Hala ere, lehentasuna izango dute testurik ez duten edo euskaraz egin diren ikuskizunek. Azkenik, formatu txikiko edo ertaineko ikuskizunak baloratuko dira. 

Karrikaneko kideek aukeratutako proiektua modu orokorrean bultzatzeko konpromisoa hartzen dute, hau da, laguntza ekonomikoa emanez, sorkuntzarako egoitzak eskainiz, arte, teknika eta administrazio laguntza emanez –konpainiaren beharren arabera– eta, azkenik, sustatzaileek euren hirietan antolatzen duten kaleko arte jaialdi bakoitzean gutxienez proiektuaren emanaldi bat programatuz. Kaleko jaialdi horiek hauek dira: Bilboko Kalealdia, KaldeArte, Leioako Umore Azoka, Iruñeko udako programazioa, Hendaiako Mai du théatre, eta Abian! Errobiko mankomunitatean, eta baita Libourneko (Gironde), Iurretako eta Arrigorriagako udal programak ere.

Informazio guztia www.karrikan.eu webgunean dago eskuragarri.