Berriak

 

Jarduneko alkate Asier Albizuak eta Padurako presidente Jon Andoni Laisekak joan den astean sinatu zuten Arrigorriagako futbol taldearen mendeurrena ospatzeko hitzarmena. Udalak 40.000 euroko laguntza berezia bideratuko du Padura Club taldearen 100 urteak ospatzeko antolatutako ekitaldietarako. Taldeak berriki errekuperatu du 1920an, eratu zenean, jarri zioten jatorrizko izena.

Urrun daude orain Arrigorriagako gazteak udalerriko larreetan foot-ballera jokatzeko elkartzen ziren aurreko mendeko garai horiek. Gazteek futbolean aritzeko gogokoen zuten txokoa Kristo Santuaren baselizaren inguruko harizti batetik gertu zegoen, nekazariek ganadu-azoka egiten zuten lekuan.

Eraketa-aktak dioen bezalaxe, “sport-aren zaleak” Padura Cluba eratzera animatu ziren orduan, eta Guda Zibilak bakarrik eragin zuen taldeak lehiatzeari uztea. Club Deportivo Padura izenarekin sartu zen federazioan eta bere koloreak, urdina eta zuria, gure geografia guztian barna eraman ditu. Gainera, mendeurrenaren harira, Vicente Lapiedra artistak logo berezi bat diseinatu du.