Berriak

 

Aurreko urteetan bezala, Arrigorriagako Udaleko Euskara Sailak udarako hainbat jarduera antolatu ditu, udalerriko haurrek ikasi eta ondo pasatu dezaten, elkarren arten jolasten zein irakurtzen. Horietako bat dugu Ipuin eta Letren Terrazak izeneko programa, lau eta hamaika urte bitarteko umeei zuzendutakoa.

Sarrera doakoa izango da, eta ekainaren 24tik uztailaren 12ra arte egingo da Agirre Lehendakariaren parkean: astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era, parkea liburutegi txikia bihurtuko zaigu.

Programa horrek helburu du ipuinak irakurtzeko eta euskaraz idazteko zaletasuna zabaltzea txikienen artean; horregatik, hainbat gune jarriko dira. Alde batetik, 4 eta 6 urte bitarteko umeentzako txoko bat egongo da, ipuin, liburu eta komikiekin. Bertan hamakak, eserleku erosoak eta eguzkitakoak aurkituko dituzte, eta irakurtzen ez dakiten haurrek puzzleak eta letrak eta zenbakiak ikasteko jokoak izango dituzte eskura, baita margotzeko materialak ere.

Beste alde batetik, sormen-txoko bat jarriko da 7 urtetik gorakoentzat, non zenbait tailer eskainiko zaizkien: hala nola hitzapasa lehiaketa, letren bingoa, ipuin interaktiboak  sortzeko, 3D hizkiak sortzeko, liburu-euskarriak egiteko eta ipuinak grabatzeko. Egun tematikoak ere antolatu dituzte, Zientzia Ginkana ere bai, eta, gainera, gune berezi bat jarriko dute azken egunean; han, agur esateko hainbat ikuskizun egingo dira, mago eta ipuin-kontalari baten eskutik, besteak beste.