Berriak

 

Badira hainbat urte Arrigorriagako Udalak eta Nerbioi-Ibaizabal harana osatzen duten gainerako udalek proiektu bat garatu dutela elkarrekin, herri-ondarea biltzeko asmoz. Lan hori Euskara Zerbitzuak egin du, Zuztarretatik proiektuaren barnean. Orain, lan hori Zuztarluze Txapelketa ezagunean gorpuztu da.

Jolas horren helburu nagusia da Nerbioi-Ibaizabal eskualdea osatzen duten udalerrietako herri-kultura eta -jakintza gizarteratzea. Une honetan, sarean eskuragarri dago. Hala, Zuztarluze proiektuak ondare ukiezina eta teknologia berrien arloa uztartzeko beharrari erantzuten dio; izan ere, gaur egungo haur eta gazteak oso ohituta daude teknologia berri horietara.

Zuztarluze aplikazioaren bidez, toponimia eta ondare etnolinguistiko, lexiko eta etnografikoa lantzen dira. Baserrien, auzoen, errekastoen, mendien, iturrien eta abarren izenekin jokatzen da, baita esaera zaharrekin, esamoldeekin, lanerako tresnekin, ohiturekin, abesti herrikoekin eta abarrekin ere.

Aplikazioa adin guztietako ikasleentzat egina dago; hala ere, orain arte, txapelketa Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendu zaie. Era horretan, aurretiko faseak bukatu ondoren, DBH 1.mailako lau bikote lehiatuko dira Zuztarluze txapelketako final handian, txapela lortzeko; hain zuzen ere bihar ekainaren 7an, ostiralean, izango da, Lonbo Aretoan, 11:30etik aurrera.