Berriak

 

Euskarazko C1 mailako titulua lortu nahi baduzu, eman izena Arrigorriagako Udal Euskaltegiak uztailerako antolatuko duen C1 maila prestatzeko ikastaroan. HABEren maila egiaztatzeko azterketetan parte hartu nahi dutenei zuzenduta dago ikastaroa, batez ere, D ereduan ikasten duten ikasleei. Eskaintza hau interesatzen bazaizu, ekainaren 17tik 28ra izango duzu bertan matrikulatzeko aukera. Jakingo duzunez, ekainean desagertuko den EGA tituluaren baliokidea da HABEren C1.

Aipagarria da, era berean, HABEren egiaztatze azterketetan Arrigorriagako Udal Euskaltegiko ikasleen gainditu-kopurua bataz bestekoaren gainetik dagoela urtez urte. Izan ere, iaz %72k lortu zuten B2 mailako titulua eta %40k C1ekoa.

Klaseak uztailaren 1etik 23ra izango dira astelehenetik ostiralera goizeko 8:30etik 13:30era, guztira 80 ordu. Edukiei dagokienez, ikastaroan, azterketa ofizialaren egitura, dinamika eta atalak landuko dira, besteak beste, mintzamena, idazmena, esamoldeak, entzumena, irakurmena eta, jakina, gramatika, jarduera komunikatibo zein ariketa analitikoen bidez.

Azken urteetako ildoari jarraituz, Udalak bekak emango dizkie euskaltegiko ikastaroetan matrikulatzen direnei. Era berean, Abusutik herrigunera eta herrigunetik Abusura joan behar dutenentzat joan-etorrietarako beka mantentzen da. Gainera, maila gaindituz gero, HABEren dirulaguntza ere eskura daiteke.

Hurrengo ikasturtea

Bestalde, irailaren 2tik aurrera 2019-2020 ikasturterako matrikula egiteko aukera izango da. Aipatzekoa da aurten 50€ko deskontua egingo zaiela 10a baino lehen matrikulatzen direnei.

Urrian hasiko den ikasturterako eskaintzan maila guztiak eta ordutegi aukera zabala aurkituko duzu, autoikaskuntza sistema ere ahaztu barik.Informazio gehiago nahi izanez gero, jar zaitez harremanetan gurekin 944002060 telefonoan, www.arrigorriagakoeuskaltegia.eus webgunean eta euskaltegiko idazkaritzan bertan (Urgoiti Pasealekua 55, 2.a). Anima zaitez!