Berriak

 

Arrigorriagako Udalak tokiko gazteriaren inguruan egindako diagnostikoaren ostean, etxebizitzarako sarbidearekin eta emantzipazioarekin lotutako zailtasunak hauteman dira. Hori dela eta, Arrigorriagako Udalak, Integrando Fundazioarekin lankidetzan, Etxebizitzaren Informazio Bulegoa sortu du, kolektibo horri etxebizitzarekin lotutako gaiekin laguntzeko.

Bulegoa, martxoaren amaieran ireki zutena, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzendua, eta Arrigorriagako Gaztegunean (astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 21:00etara) eta Abusu Zentro Soziokulturalean (hileko lehen eta hirugarren asteazkenean, ordutegi berean) dago kokatuta.

Zerbitzuaren abiapuntu moduan, Udalak Bulego berriari buruzko informazioa banatu du 2.182 gutun eta flyer bidez, udalerrian erroldatutako eta 18 eta 35 urte arteko gazteen artean, zerbitzu berriaren, kokagunearen, ordutegiaren eta harremanetarako datuen berri emateko helburuarekin.

Bulegoa lanean hasi zenetik, 35 pertsona etorri dira gure lokaletara eta, interesa erakusteaz gain, hitzorduak adostu dituzte informazio gehiago lortzeko. Denetariko kontsultak izan ditugu, nahiz eta gehienak alokairu eta erosketarekin lotutako zalantzak izan diren; besteak beste, nola sartu babes ofizialeko etxebizitza (BOE) batera, zein zerga ordaindu behar diren etxebizitza bat erosi edo alokatzean, zer den etxebizitza-kontu bat, hipoteka motak...

Zerbitzuak, gainera, etxebizitzarako sarbidearekin eta emantzipazioarekin lotutako berriak zabaltzen ditu noizean behin bere sare sozialen bidez, baita Etxebiden eta egunkarietan topatzen duen informazioa ere. Helburua gazteei etxebizitzarekin zerikusia duten albisteei buruzko informazioa helaraztea da.

Informazioa eskuratu nahi dutenak Gaztegunera edo Abusu Zentro Soziokulturalera joan daitezke aurretik adierazitako ordutegi eta egunetan. Horrez gain, bulegoarekin harremanetan jar daitezke 688 878 023 zenbakiaren bidez edo etxebizitza@arrigorriaga.eus helbide elektronikora idatzita.