Berriak

 

Ugao-Miraballes, Arrigorriaga eta Zeberioko Udalek iaz sinatutako lankidetza hitzarmenari jarraiki, larunbat honetan, ekainak 1, Emakumeen Klasikoaren bigarren edizioa ospatuko da Ugao-Miraballesen. Lasterketa kirolarekin eta genero berdintasunarekin hartutako konpromisoa da, ondorengo helburuak lortzeko sortutako ekimena, alegia: kirola genero ikuspegiarekin sustatzea; kirola prestakuntza tresna eta balioen igorle gisa sustatzea; emakumezko kirolari profesionalak erreferente gisa edukitzea eta instituzioen, erakundeen, boluntarioen eta berdintasunean eta kirolean adituak direnen arteko sareak ehuntzea.

Ugao-Miraballes, Arrigorriaga eta Zeberioko Udaletako berdintasun sailek Ugao-Miraballesko Txirrindulari Elkartearekin lankidetzan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin bultzatutako ekimen honen xehetasun guztiak gaur eguerdian bertan aurkeztu dira Ugao-Miraballesko pleno aretoan. Bertan, hiru udalerrietako jarduneko alkateez gain Ekaitz Mentxaka (Ugao-Miraballes), Asier Albizua (Arrigorriaga) eta Karlos Idirin (Zeberio); Ana Maite Fernández, Ugao-Miraballesko Kultura, Berdintasun eta Hezkuntza Saileko jarduneko zinegotzia; Carlos Sergio Achótegui, Bizkaiko Foru Aldundiko kirol zuzendaria eta Izaskun Landaida, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria ere izan dira.

"Emakumeen Klasikoaren" lehenengo edizioa Zeberion egin bazen, Ugao-Miraballesko eta Arrigorriagako udalerrietatik igarota, aurten anfitrioia aldatu egingo da. Gauzak horrela, larunbat honetan, ekainak 1, ospatuko den II Emakumeen Klasikoak Ugao-Miraballes izango du irteera eta helmuga. 2020an Arrigorriagaren txanda izango da.

Okasio honetan, kadete, junior eta elite kategoriako emakumeek hartuko dute parte, eta Euskadiko Txapelketako proba izango da. Kadeteek 47,5 kilometroko ibilbidea egingo dute eta 09:00etan irtengo dira. Bestalde, junior eta eliteak 11:00etan hasiko dute lasterketa eta 61,2 eta 87,8 kilometro egingo dituzte, hurrenez hurren.

Kartela (JPG 2,14MB)