Berriak

 

Bigarren urtez jarraian, asteburu honetan —ekainaren 1ean eta 2an— Uraren Jaiaren 27. edizioa ospatuko da Arrigorriagan. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak antolatzen duen ekitaldi horren bidez herritarrak, bereziki, gaztetxoenak, kontzientziatzea da asmoa, uraren zentzuzko erabilerak eta kutsadura saihesteak ekosistema urtarraren biziraupenerako daukaten garrantziaren inguruan. Lehenengo aldiz, Arrigorriagako Udalaren babesa duen ekitaldi ludiko hau bi egunetan egingo da, larunbat arratsaldean eta igande goizean, udalerriko hainbat tokitan.

Programatutako 50 jarduera baino gehiagoren artean, asteburu honetan Arrigorriagara hurbiltzen direnek tailer didaktikoetan, tailer artistikoetan eta erakusketetan parte hartzeko aukera izango dute. Horrez gain, etxeko txikiek ondo baino hobeto pasatzeko hainbat jarduera izango dituzte: puzgarrien parke bat, ohe elastikoak, arrantzan egiteko eta txalupekin jolasteko igerileku txiki batzuk, ur-arrapala bat, ludoteka eta urari eta ingurumenaren babesari lotutako alderdiak lantzeko beste hainbat jolas eta espazio. Hori guztia osatzeko, musikaz eta kale-animazioz beteko da herrigunea, nagusiki, Udaletxeko plaza, Joan XXIII.aren plaza, Agirre Lehendakariaren parkea eta kiroldegia.

Berritasun gisa, Uraren Jaiaren edizio honek larunbatean, hilaren 1ean, irekiko ditu ateak 17:00etan. Udal kiroldegiak puzgarrien parkea hartuko du, baita ohe elastikoak, rokodromoa eta ludoteka ere. Udaletxeko plazan tailerrak eta bi erakusketa egingo dira: batak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren lana ezagutzera emango du, eta besteak zapi bustiek saneamendu-sistemetan eragiten dituzten arazoen inguruan sentsibilizatuko ditu herritarrak. Arratsaldeak aurrera egin ahala, familia osoa dibertitzeko eta entretenitzeko kaleko animazioa eta musika izango ditugu: diskofesta, erromeria eta berbena.

Igandean, iazko edizioan bezala, jarduera gehienak Agirre Lehendakariaren parkera lekualdatuko dira; nolanahi ere, Udaletxeko plazan eta Joan XXIII.aren plazan jarduera batzuk egingo dira. Uraren Jaia 10:30ean hasi eta 15:00etan amaituko da. Arrigorriagara etortzen direnek haurrekin batera primeran pasatzeko diseinatutako ekitaldi batez gozatuko dute, jarduera ugari egongo baita: puzgarriak, ur-jarduerak, tailerrak eta mota askotako jolasak, baita ipuin-kontalariak, antzerkia, pailazoak, magia, diskofesta eta txaranga ere, goiz osoan zehar jai-eremua girotuko duena.  Instalazioak apainduta egongo dira eta beharrezko zerbitzu guztiak izango dituzte, baita haurtxoak edoskitzeko eta aldatzeko eremu bat ere. Gaztetxoak, hala nahi izanez gero, eskumuturrekin identifikatuko dira.

Larunbatean eta igandean, edateko uren tratamendutegiaren funtzionamendua, Ur Partzuergoak kudeatzen duen garrantzitsuena, ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko dira langile espezializatuen eskutik. Betelurira iristeko autobusak jarriko dira, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik jai-eremuan bertan izena ematea. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak gogorarazten du jarduerak Arrigorriagako herrigunean egingo direla, beraz, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da (Bizkaibus eta Renfe).

URAREN JAIA: https://www.youtube.com/watch?v=q2u_y8E2__M

Liburuxka (PDF 1,93MB)