Berriak

 

Zainduz programa Arrigorriagan mendekotasuna eta/edo desgaitasuna duten familiarrak zaintzen dituzten pertsonei zuzendua dago, eta helburutzat du udalerriko zaintzaileen eta beren familiarren ondoez emozionala murriztea eta bizi-kalitatea hobetzea. Programa horren barruan, Udaleko Gizarte Zerbitzuek doako hainbat tailer eskaintzen dituzte.

Horien artean, abian da psikoestimulazio-tailerra, kalte kognitiboak dituzten pertsonei zuzendua. Tailerraren helburua mendekotasuna duten pertsonen narriadura mental, funtzional eta sentsoriala atzeratzea da, baita zaintzaileei atseden apurtxo bat ematea ere. Besteak beste, hainbat eremu kognitibo lantzen dira (kalkulua, hizkuntza, memoria, arreta...) pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitutako jardueren bidez. Psikologo espezializatu bat arduratzen da zerbitzua eskaintzeaz, ostiraletan 10:15etik 11:30era, Arrigorriagako erretiratuen etxean. Zerbitzua otsailean hasi zen, eta ekainera arte luzatuko da.

Parte hartu nahi duten pertsonak Gizarte Zerbitzuekin jar daitezke harremanetan, Urgoiti pasealekua 55 helbidera bertaratuta edo 944020205 telefono-zenbakira deituta.