Berriak

 

Aurtengo udan ere Arrigorriagako Udalak udalekuak antolatu ditu 6 eta 11 urte bitarteko haurrentzat. Udalerrian bertan egingo dira uztailaren 1tik 19ra bitartean, astelehenetik ostiralera eta 10:00etatik 14:00etara.

Udalekuetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da Arrigorriagan erroldatuta egotea eta ikasketak B edo D ereduan egitea, udalekuak euskaraz izango baitira. Hauek dira prezioak: 75 euro haur bakoitzeko, 125 euro familia bereko bi haur badira eta 195 euro familia bereko hiru haur badira. Horrez gain, 20 euro gehiago ordainduta, behar duenak haurtzaindegi-zerbitzua erabili ahal izango du, 09:00etatik 10:00etara eta 14:00etatik 15:00etara. Abusuko haurrek garraio publikoa erabili behar badute, begirale batek lagunduko die bidean.

Plaza kopurua mugatua da, eta izena emateko, eskaera-orri bat betetzeaz gain, ordainketaren bankuko agiria aurkeztu beharko da. Maiatzaren 22an, 23an eta 24an egin ahal izango da izen-ematea Eskola Publikoan edo Herritarren Arretarako Zerbitzuetan (HAZ): Udaletxean eta Abusu Zentro Soziokulturalean. Onartuen zerrenda azken horretan argitaratuko da, maiatzaren 28an.

Informazio gehiago (PDF 115KB)
Eskabide-orria (PDF 1,18MB)