Berriak

 

Sara Zozaya-k irabazi du Rockein, talde eta bakarlariei zuzendutako lehiaketa musikalaren zazpigarren edizioaren sari nagusia. The Roof edo Nerabe bezalako proiektuetan eskarmentua duen donostiar gaztea, Rockein-en sari nagusia irabazten duen lehen emakumea da. Aurreko irabazleak The Owl Project (2018), Los Cosméticos (2017), Albert Cavalier (2016), Grand Matter (2015), The Weapons (2014) eta Radiofunkens (2013) izan ziren.

Tokiko talderik onenaren saria Meridian-ek irabazi du, Basauri eta Arrigorriagako kideek osatutako power-trio-a (sari nagusirako hautagaia ere bazen). Cäctus, Bermeoko hard-rock laukotea, izan da euskarazko proposamen onena eta Dukkha hirukote gipuzkoarrak irabazi du Publikoaren saria, 2.670 lagunek parte hartu duten lehiaketan (iazko 2.650ak gaindituz) 188 botu jaso ostean.

Rockein-en finala iragan larunbatean, maiatzaren 11n, izan zen Basauriko Social Antzokian, doan. 270 lagun bertaratu ziren (iazko 250ak gaindituz) Doña, Meridian eta Sara Zozaya -sari nagusiko finalistak- eta Herio, Keniama eta Samoah -tokiko talderik onena- zuzenean ikusteko.

Finaleko epai mahaiak “talde finalisten maila bikaina” azpimarratu zuen. Ondorengo pertsonak izan ziren epai mahai kideak: Álvaro Fierro, kritikari musikala, dokumental musikalen zuzendari eta kulturaren alorrean eragin ekonomikoak ikertzen dituen Cultumetría enpresako arduradun; Jon Mikel García, Bay Of Biscay Festival-eko komunikazio arduraduna; Jon Aguirrezabalaga, ekoizle musikala; Amaia Santana, musikan berezitutako kazetaria (MondoSonoro, Rock In Bilbo); Iker Bárbara, MondoSonoro aldizkari musikalaren Euskal Herria eta Errioxako edizioaren koordinatzailea; Joseba Vegas, BI FM-ko zuzendaria; Asier Arrieta, sormen publizitarioko irakaslea EHUn; Igone Beloki, Basauriko Udaleko Gazteria saileko zinegotzia eta ‘Willy’, WAS musika taldeko kide eta sortzaileetariko bat.

Rockein Basauriko Udalak, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, bultzatutako Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako lehiaketa musikala da. 2019an laugarren urtez jarraian bere parte hartze errekorra gainditzea lortu du, 146 artistek izena eman ostean.

Informazio gehiago:
www.facebook.com/rockein
Twitter: @rockeinrock