Berriak

 

 “Arrigorriaga mugarriz mugarri” izendatutako ekimenak, udalerriko inguruak ikuspegi ezberdin batetik ezagutzea proposatzen duenak, hurrengo igandean, maiatzaren 19an, bere hirugarren faseari ekingo dio, Artandara egingo den ibilaldiarekin. Proiektua, Udalak Padura mendi taldearen laguntzaz antolatutakoa, udalerri mugakideekin dituen muga eta mugarriak erakusten saiatzen da 40 kilometroko ibilbidean, eta hirugarren etapa honetan berrogei horietatik 17 egingo dira.

Lehen 14 kilometroak joan den martxoaren 10ean egin ziren, Malmasingo ibilbidearekin, eta etaparik luzeena apirilaren 7an egin zen, Pagasarrira egin zen ibilbidean, 23 kilometrokoa.

Aurreko aldietan bezala, udal-kiroldegitik aterako dira, 08:30ean, eta Mendikosolo parketik joango dira, Abrisketako San Pedro ermitarantz, PR-BI 16 bideari jarraituz, Markiora arte; ondoren, Bentakoerrekatik pasatu, eta Ugao-Miraballesera iritsiko dira; hori, Nerbioi zeharkatuko da, eta ibaiertzetik jarraituko dute, Arrigorriagaraino. Martiartu auzora iritsi aurretik, 11. kilometroan, gutxi gorabehera, saihesbide bat hartuko da, eskuinera, Artanda mendirako aldapa gogorrari heltzeko, 550 metrokoa. Handik, inguruko haranen ikuspegi ikusgarriez gozatu ahal izango da, eta, ondoren, berriro joko da kiroldegira, eta han bukatuko da ibilaldia.
 
Aurreko ibilaldietan bezala, ibilaldian taldeak biltzeaz gain, beste bide bat ere proposatuko da, Artanda mendira igo nahi ez dutenentzat (Arrigorriagara joan ahal izango dira, Martiartu auztotik), baita tontorretik suhesi maldatsuan barrena jaitsiera gogorrari aurre egin nahi ez diotenentzat ere (aldapa gutxiago duen mendi-hegal batetik egingo da).

Gogorarazi behar da komeni dela arropa eta oinetako egokiak erabiltzea, eta, nahiz eta iturriren bat egongo den ibilbidean, ura eta elikagairen bat eramatea gomendatzen da.

Ibilbideko berrogeita hamar mugarri inguru horiek bisitatzeaz gain, zeinetatik batzuk oso bereziak baitira, Basauri, Zaratamo, Zeberio, Ugao-Miraballes, Arrankudiaga eta Alonsotegirekiko mugak ezartzen dituztenak, ibilbide horiek historia, eraikinak, toponimia eta landaredia ezagutzeko ere aukera emango dute, paisaia zoragarriaz gozatzeaz gain.

Arrigorriaga Mugarriz Mugarri egitasmoko ibilbideak, baita PR-BI 15 -16 ibilbideak eta ibilbide osasungarriak ere, Arrigorriagako Udaleko webgunean agertzen dira, eta haien ezaugarriak kontsultatu, eta jarraitzeko trackak deskarga daitezke:

http://udaleduki.arrigorriaga.eus/es-ES/ConoceArrigorriaga/Nuestroentorno/Paginas/default.aspx