Berriak

 

Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIV. Jaialdiak erreferente izaten jarraitzen du Euskadin, eskaini diren kaleko diziplina eszenikoen aniztasunarengatik eta bertara hurbildutako ikus-entzule kopuruarengatik. Datorren urtean zilarrezko ezteiak ospatuko dituen sariketaren antolakuntzak oso modu positiboan baloratu du gaur goizean ikusentzuleen aldetik jasotako erantzuna, izan ere, 7.000 pertsona baino gehiagok bete dituzte Arrigorriagako Udalak antolatutako hitzorduak proposatutako agertokiak, hau da, iaz baino bi mila inguru gehiago.

Aurten, toki, estatu eta nazioarte mailako 12 konpainiak hartu dute parte zirkuaren eta kaleko arte eszenikoen zaleentzat ezinbestekoa den hitzorduan. Sariketa joan den ostiralean hasi zen, Ale Risorio konpainia argentinarraren “La Kermese de Ernestor” lanarekin, eta atzo, igandean, amaitu zen, Capicua konpainiaren “Koselig” ikuskizunarekin.

Hiru jardunaldiak, clown-a, zirkuko piezak edo musika uztartu dituzten ikuskizunekin osatu dira, beti ere umorez eta zirraraz beteta. Arrigorriagatik artista hauek ere igaro dira: Sincronacidas konpainia galiziarra, Adrian Schvarzstein, Circo Los, The Funes Troup, mundu osoko pailazo onenetakoa den Marcelo Gros katalana, Finestra Nou Circ, Ganso y Cia, Capitán Maravilla, Malas Compañías eta Pepe Viyuela artista polifazetikoa.

Atzo Udaletxeko plazan eta ostiralean eta larunbatean, euria zela eta, kiroldegian eskaini ziren emanaldiak, “EUSKOPLAY–PLAYMOVIL. Zirkua eta bestelako agertokiak” erakusketarekin osatu dira. Erakusketa udal erakusketa aretoan egongo da zabalik maiatzaren 17ra arte. Horrez gain, Ikastetxean egon den umeentzako “Akelar Saloon Karpa Magikoa” gunean jaso diren magia eta umore tailerrak ere izan ditugu.