Berriak

 

Arrigorriagako Udalaren Prebentzio Talde Hezitzaile Artekariak 2018ko memoria aurkeztu du, udalerrian erroldatutako familiekin landutako lan-lerro eta programekin. Aurreko urtean zehar sei talde-programa jorratu zituzten, eta guztira 47 espediente landu zituzten.

Adingabeekiko esku-hartzeari dagokionez, sei pertsonak hartu zuten parte trebetasun emozionalen programan, eta lauk bizitzarako trebetasunen programan. Bakarkako tutoretza-saioak egin ziren 16 adingaberekin, eta beste 23 adingabek parte hartu zuten Aste Santuko, udarako eta Gabonetako irteeretan.

Helduekiko taldeko esku-hartzeei begira, 9 pertsonak sukaldaritzarekin, iturgintzarekin, enplegu-bilaketarekin, etxeko ekonomiarekin eta berdintasun-prestakuntzarekin lotutako ezagutzak bereganatu zituzten, eta, esku-hartze komunitarioari dagokionez, lauk hartu zuten parte adingabeei eta familiei zuzendutako orientazio-programan.

41 pertsonak erabili zuten babes psikologikorako zerbitzua, eta beste seik hartu zuten parte emakumeen esku-hartze psikologikorako talde-proiektuan. Familia- eta komunitate-bitartekaritza zerbitzua 4 pertsonarekin aritu zen lanean, eta, mendekotasuna prebenitzeko zerbitzuaren barruan, 95 pertsonak hartu zuten parte hezkuntza-hobekuntzarako eskolan. Lau pertsonak hartu zuten parte tabakoa erretzeari uzteko proiektuan, eta beste hiruk osasun-hezkuntzarako eta gazteen kolektiboekin mendekotasunak prebenitzeko proiektuan.

Guztira 45 pertsonak hartu zuten parte aisialdi osasungarrirako hezkuntza-proiektuan, eta, horrez gain, tokiko sentsibilizazio-kanpainak antolatu ziren, herritar guztiei zuzenduak.

Azkenik, eskolako esku-hartze programan, osasun-hezkuntzarako eta mendekotasuna prebenitzeko proiektua landu zuten ikasle eta irakasleekin, “kerik gabeko ikasgelak” izenekoa. Bertan 129 pertsonak hartu zuten parte. Bestalde, osasun-hezkuntzarako eta ikasleekin mendekotasunak prebenitzeko proiektua ere jorratu zen, eta hainbat hitzaldi tekniko eman zituzten alkoholaren, diseinu-drogen, kokainaren eta hiesaren arriskuen inguruan. 497 pertsonak hartu zuten parte.