Berriak

 

Arrigorriagako Udaleko gobernu-taldeak 2018rako aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du. Aurreko ekitaldiko zifrak baino altuagoak ditu, eta berriro ere, pertsonekiko konpromisoari eman dio lehentasuna. Era berean, udalean ohikoa den moduan, parte hartzea eta adostasuna lortu nahi dira. Beraz, herritarrek ekarpenak egin ahal dizkiote dokumentuari, bide hauen bitartez: aurrekontuak@arrigorriaga.org helbide elektronikoa, eta udaletxeko edo Abusu Zentro Soziokulturaleko Herritarren Arretarako Zerbitzua, bai eta zinegotziekin edo alkatearekin berarekin hitzordu bat adostuz ere.

Ildo horretatik, gainerako talde politikoek dagoeneko badute dokumentuaren berri. Bihartik aurrera herritar guztien esku egongo da udal-webgunean (www.arrigorriaga.eus) bi hizkuntza ofizialetan. Udalerriko herritarrek iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte apirilaren 26ra arte (informazio-batzordea ere egun horretan bilduko da), aurrekontua maiatzaren 2an egingo den ezohiko osoko bilkurara eraman baino lehen.

Aurrekontu berria aurreko urtekoari begira burututako kudeaketa onean oinarritzen da, eta % 97,76 gastatu da diru-sarrerei dagokienez eta % 94,62 gastuei dagokienez, esleituak eta konprometituak gehituz. Zehazki, 2018ko ekitaldiaren ostean 453.337,28 euroko geldikina gelditu da, eta diruzaintzaren bataz besteko eboluzioa 2.906.429,6 eurokoa izan da. Gainera, urtean zehar gastu-muga eta aurrekontu-oreka errespetatu dira.

Gobernu-talde hau buru-belarri aritu da egunero estaldura solidario baten bitartez honako hauek lortzeko ahaleginean: bizi-kalitatearen estandarrak etengabe hobetu, eskaintzen diren zerbitzuak bikainak izan daitezen saiatu eta egoera ahulenean dauden pertsonak babestu. Argi ikusten da hori 2019rako aurrekontu hauetan: 14.664.325,23 eurokoa da; hau da, % 2,75 egin du gora 2018ko ekitaldiarekin konparatuta.

Aurrekontu honetan, zerbitzu guztiei eutsi zaie, arlo guztietan areagotu dira partidak Ogasunean izan ezik, eta, beste behin ere, aurten zorra 382.000 euro baino gehiago murriztea lortu da. Horrek esan nahi du aurreikuspenak betetzen badira 2011. urtetik (7.518,215) 4 milioi euro baino gehiago amortizatzea lortu dela (3.347.555).

Aurreko urteetan bezala eta 2015-2019ko Legegintzaldiko Plana erreferentzia-esparru gisa izanik, herritarren eskaerak jasotzeko modu desberdinekin batera, aurrekontua bederatzi arlotan banatu da, eta diru-sarrera nagusiak transferentzia arruntetatik (9.333.274) eta zerga zuzenetatik (3.344.130) etorriko dira. Gastuei dagokienez, ondasunek eta zerbitzuek eraman dute zatirik handiena (6.007.755 euro), baita langileen gastuek (4.368.472) eta inbertsioek ere (1.871.080). Aurten, langileen gastuek guztizkoaren % 29ari eutsi diote, eta, inbertsioei dagokienez, udaletxe zaharra eraberritzeko lanak nabarmendu behar dira (800.000).

Gainera, 2019an 180.000 euro erabiliko dira Santo Cristo I-eko zelai artifiziala aldatzeko, 110.000 Abusuko Zentro Soziokulturaleko haur-jolasen gunean estalkia ipintzeko, 100.000 Kuboko pasabidea abian jartzeko, 100.000 segurtasun-kamerak ipintzeko, beste 100.000 Lonboko skate-pistarako (lurzoruaren azterketa jaso zain), 90.000 kiroldegiko, frontoiko eta pistetako fokuak LED argien bidez ordezkatzeko eta 50.000 poliziaren eta brigadaren ibilgailuak ordezkatzeko. Horrez gain, Itzuliak Arrigorriagara egingo duen bisita, Lonbo Aretoko eserlekuen ordezkapena eta Santa Isabel guneko jolastokian estalki bat ipintzeko lanak ere ordainduko dira geldikinarekin, beste inbertsio batzuen artean.

Kontu berrietan, udalerriko herritarrekiko konpromisoa nabarmentzen da, eta gizarte laguntzak bermatzen jarraitzen da; hortaz, eskatzaile guztiek, hala egokitzen bazaie, dirulaguntza jasoko dute. Aurrekontuko 1.290.379 euro erabiliko dira gizarte sustapenerako eta -ekintzarako; izan ere, enpleguari garrantzi handia emango zaio aurrerantzean ere eta gizarte-ehuna bultzatzen jarraituko da. Azpimarratu behar da aurrekontuaren % 13,6 (1.999.316,50 euro) udalerriko pertsonentzako, elkarteentzako eta erakundeentzako dirulaguntzei eusteko inbertituko dela.