Berriak

 

Aurten, Arrigorriagak eta Arratiako Mankomunitateak “Harrotasunaren antzerkia” proiektuarekin bat egin dute. Proiektu horren helburua da arte eszenikoak erabiltzea gazteei prestakuntza eman sentsibilizazioa areagotzeko, honako honen gainean: aniztasun afektibo-sexualaren, genero-identitatearen eta askotariko familia ereduenganako errespetua.

 “Harrotasunaren antzerkia” proiektuak BBKren babesa du, eta aurretik Bizkaiko Muskiz eta Bilbo udalerrietatik igaro da, baita Gipuzkoako hainbat herritatik ere. Duela hiru urte sortu zuen Gehitu elkarteak (Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartea), eta asmoa da etorkizunean beste udalerri batzuek ere proiektuarekin bat egitea.

Arrigorriagako Udala 2014an hasi zen LGBTI kolektiboak babesteko programak egiten, eta egokitzat jo du Ortzadar LGBT Elkarteak Bizkaira ekarri duen ekimen hau ere babestea, antzerkiaren bidez askotariko familiak, aniztasun afektibo-sexuala eta genero-identitatea errespetatzeko beharra ulertarazteko Bizkaiko ikastetxeetako ikasle eta irakasleei.

Hala, maiatzaren 15ean, eskola-orduetan, Arrigorriagako institutuan Tanttaka antzerki taldearen Muxua antzezlana antzeztuko da. “Antzezlanak identitate sexualari, bullyingari eta homofobiari buruz hitz egiten du, baita eskolak gai horiek normaltasunez tratatzeko duen ezintasunari buruz ere”, azaldu du zuzendariak. Helburua da gai horiei ikusgarritasuna ematea eta ikasleek antzezlanari buruz hausnartzea; horretarako, irakasleek material didaktikoa jasoko dute. Horrez gain, sarean inkesta anonimo bati erantzuteko esteka ere jasoko dute. Lau antzezlan aurkeztuko dira, eta 10 antzezpen antolatu dira; beraz, 3.000 ikaslek ikusi ahal izatea espero da.

Ikasleei hausnartzeko aukera emateaz gain, “Harrotasunaren antzerkia” ekimenak beste helburu hauek ere baditu: LGTBI kolektiboari ikusgarritasuna ematea, aurreiritzi eta estereotipo diskriminatzaileak deuseztatzea, haur eta gazteei erreferenteak ezagutaraztea, euskara antzerkian eta arte eszenikoetan txertatzea, eta antzerkiaren balioa azpimarratzea hezkuntza informalaren bidez aniztasun afektibo-sexuala, genero aniztasuna eta familia-ereduen askotarikotasuna irakasteko tresna gisa, baita orientazio sexualaren edo sentitutako genero-identitatearen intersekzionalitatearen errealitatea esplizitu egitea ere.
Honako hauek egon ziren, besteak beste, proiektuaren aurkezpenean: Oihane Aldayturriaga BBK-ko Kultur Saileko arduraduna, Gurutze Etxebarria Arratiako mankomunitateburuordea, Aratz Castro Ortzadar LGTB elkarteko proiektuen arduraduna eta Sonia Rodríguez Euskara eta Komunikazioa Saileko zinegotzia. Zinegotziak azpimarratu zuen Arrigorriagako Udalak konpromiso irmoa duela proiektu honen helburuarekin. “Helburua da gazte-gaztetatik sentsibilizatu, komunikatu eta informatzea, gizarte ireki eta toleranteago bat lortzeko, sentsibilitate guztiak errespetatuko dituen gizarte bat lortzeko, alegia, inolako diskriminaziorik gabekoa.

Zinegotziak ekimen horretan euskarak duen garrantzia azpimarratu zuen: “espazio guztietan izan behar du presentzia, eta izugarrizko balioa du sentimenduak adierazteko”. Horrez gain, antzerkiaren erabilera ere nabarmendu zuen: “edozein balio transmititzeko tresnarik onenetarikoa da”. Muxua lanaren antzezpena maiatzaren 15ean, 14:15ean izango da Arrigorriagako institutuan, eta Rodríguezek hau argitu zuen: “eskola-orduetan egingo da, ikastetxean bertan, ikasleek uler dezaten hori ere euren prestakuntzaren parte dela”.