Berriak

 

Arrigorriagako Udaleko Gazteria Sailak abian jarri du Bidazti Lehiaketako edizio berri bat. Lehiaketa 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzenduta dago eta bidaia alternatibo, desberdin eta egingarri baten proiektua aurkezten duenari emango dio saria.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek xehetasun osoz azaldu beharko dute zelan egingo luketen bidaia hori eta zer beharko lukete burutu ahal izateko. Besteak beste, honako alderdi hauek adierazi beharko dira: bidaiaren helburua, gutxi gorabeherako kostua, iraupena, datak, etapak nahiz horien deskribapena, kilometroak, ostatuak, janariak, garraiobideak, bisita kulturalak, beharrezkoa den materiala, ekipajea, txertoak, beharrezkoa den dokumentazioa, hartu beharreko segurtasun-neurriak, etab.

Bidaia hori egiteko hiru sari ekonomiko banatuko dira (350, 250 eta 150 eurokoak, hain zuzen ere). Lehiaketaren oinarriak eskuragarri egongo dira Gaztegunean eta Abusuko Herritarren Arretarako Zerbitzuan; halaber, udaleko webgunean kontsultatu ahalko dira. Proiektuak aurkezteko epea irekita dago dagoeneko, eta ekainaren 9an amaituko da.

Proiektua egin ahal izateko, Arrigorriagako Gazte Informazio Bulegora (Gaztegunera) joan ahalko zara; bertan, bidaia diseinatzeko laguntza- edo aholkularitza-zerbitzua eskainiko da, baita bulegoan dauden material guztiak (Internet, bidaien gidaliburuak, kontsulta-liburuak, etab.) erabiltzeko aukera eman ere.

Oinarriak (PDF 1,04MB)