Berriak

 

Lonbo Aretoaren eszenatokiak “Pinotxo" ikuskizuna hartuko du igandean. Carlo Collodiren ipuin klasikoa abiapuntutzat hartuta, Glu-Glu konpainiak familia osoarentzat ikuskizun bihurtu du, komedia, musikal eta dantza giroan. Maitane Zalduegi Viarrek zuzendu eta Jon Casamayorrek, Iñaki Marurik, Itxaso Quintanak, Andrea Covadongak eta Ugaitz Alegriak antzeztuko dute euskaraz, 12:30etik aurrera. Sarrerek 5 € balio dute umeentzat eta 7 € helduentzat.

Geppetto bere tailerrean bakarrik bizi den zurgin zaharra da. Halako batean, egur zati magikoa iritsiko zaio. Egur zati horrekin egurrezko txotxongilo ederra sortuko du eta Pinotxo izena jarriko dio. Sortutakoa, ordea, ez da edonolako txotxongiloa izango, bere kabuz ibili eta hitz egin baitezake. Geppettok semetzat hartuko du Pinotxo. Baina egurrezko umea ez da, inola ere, esaneko ume zintzoa izango. Hamaika abentura bizi eta gero, Pinotxok gezurrak hanka motza duela ikasiko du. Horrez gain, bidean topo egindako aurrenekoarekin fidatzeak izan dezakeen arriskuaz jabetuko da. Baina azkenean, bihotz ona duela erakutsi eta benetako ume bihurtzea lortuko du.