Berriak

 

“Orain eta gero / Presente y futuro” izango da datozen urteetan Arrigorriagari lotuta egongo den eslogana. Horrelaxe erabaki dute goiburua aukeratzeko prozesuan parte hartu duten herritarrek. Ekimen honek udalerria ordezkatuko duen eta era erraz eta sortzailean Arrigorriagaren identitatea eta baloreak transmitituko dituen goiburu bat sortzea zuen helburu.

Eslogan berriak ia 200 boto eskuratu ditu 2019ko urtarril eta otsail bitartean egindako azken bozketan. Arrigorriagako biztanle guztiei zabaldutako bozketa-prozesua izan da, eta herritarrek aurrez aurreko espazioen eta internet bidez botoa emateko aukera izan dute.

Bozketa honek amaiera eman dio horrela Udalak 2018ko azaroan abiatutako parte-hartze prozesuari. Lau fasetan banatuta, udalerria ordezkatzeko goiburu bat modu kolaboratiboan sortzea zen helburua.

Lehen fasea: kontzeptuak eta baloreak, abiapuntu gisa

Lehen fasean kontzeptuak eta baloreak sortzea bilatzen zen, hurrengo faseetan goiburuak sortzen lagunduko zuten ideiak azaleratzeko.

Aurreneko etapa honetan, 6 kanal jarri ziren martxan: herritarrekin parte-hartze jardunaldi bat, aurrez aurreko eta lineako formularioak, sare sozialak, Herritarren Arretarako Zerbitzua (HAZ), posta elektronikoa eta Arrigorriaga Marraztuz kanpaina.

Fase honetan, goiburuan ager zitezkeen Arrigorriagako elementu esanguratsuenei buruz galdetu zen. Herritarren erantzunak hiru ardatzetan banatu ziren: Ingurunea, Komunikazioak-Zerbitzuak eta Pertsonak.

Arrigorriagaren elementu bereizgarrienen artean, parte-hartzaileek honako hauek adierazi zituzten: “Naturala”, “Etorkizuna”, “Lasaia”, “Konektatuta”, “Elkartuta”, “Dinamikoa”, “Bizi-kalitatea” y “Bizi-maila”. Guztira, lehen fase honetan 118 ekarpen jaso ziren.

Bigarren fasea:  goiburuak sortzea

Abenduan hasi zen bigarren fasea, leloak sortzeari eta jasotzeari zegokiona. Lehen etapan jasotako ideietatik eta kontzeptuetatik abiatuta, prozesu ireki bat ipini zen martxan herritarrek sortutako goiburuak jasotzeko eta, horrela, aurrez aurreko espazioen bitartez (herritarrekin topaketak, ideiak jasotzeko gutunontziak jartzea…) eta online espazioen bidez (Interneteko formularioak, Whatsapp-a…), modu kolaboratiboan goiburuak sortzeko.

Guztira 5 kanal jarri ziren abian, tartean herritarrekin egindako bi topaketa, eta horien bidez 203 goiburu proposatu zituzten; 48 formulario bidez, 136 jardunaldietan eta 19 gutunontzietan.

Hiru ardatzen arabera, proposamenak modu honetan banatu ziren: 62 goiburu Ingurunea ardatzean, 25 Komunikazioak-Zerbitzuak atalean, 56 Pertsona  ardatzean eta beste 41 proposamen beste arlo orokor batzuetan.

Hirugarren fasea: lehen aukeraketa

Urte berriarekin, urtarrilean, hirugarren fasea hasi zen. Herritarrek proposatutako 203 goiburuen artean aurretik hautaketa bat egitea zen helburua; hau da, eslogan erakargarri eta egokienak aukeratzea, gero azken bozketa egiteko.

Iragazketa-lan hori Arrigorriagako herritarrekin egindako laugarren eta azken parte-hartze topaketan burutu zen, guztira 25 pertsona bertaratu zirelarik. Prozesu horretan, azken bozketa-prozesura igaro ziren 10 goiburuak hautatu ziren.

Laugarren fasea: azken bozketa

Ondoren, 2019ko urtarril eta otsail bitartean, goiburuen azken bozketa egin zen. Azken fase honetan, lehen aukeraketatik ateratako 10 leloen zerrenda 3 kanalen bitartez jarri zen eskuragarri, herritarrek boza eman zezaten: Interneteko formularioa, udalerriko interesguneetan jarritako bost gutunontziak, eta kalean egindako aurrez aurreko galdeketak.

Guztira 422 pertsonak bozkatu zuten eta, 188 botorekin, Orain eta gero / Presente y futuro goiburuak irabazi zuen. Bizitzeko lekua / Para vivirlo (175 boto) bigarren aukeratuena izan zen, eta Zeu zara / Eres tú hirugarrena, honek ere 175 botorekin.

Amaierako emaitza honen ondorioz, goiburu integratzaile bat lortu da, gaurko eta etorkizuneko Arrigorriagari begiratzen diona, eta udalerriaren identitatea eta herritarren artean Arrigorriagakoak izatearen sentimendua azpimarratzeko eta indartzeko balio duena.

Goiburuaren aurkezpenaren ostean parte-hartzaileen zozketa publikoa burutu  da. Mugikorraren zozketaren irabazlea M.J.C. izan da eta Lonbo Aretorako bost sarrera bikoitzak  honako hauentzat izan dira: A. R., O. V. M, B. R. R., P.D.H. eta M. Hemendik aurrera Udalak 15  egun ditu saritutakoekin harremanetan jartzeko eta, horren ostean, sariak banatuko ditu. Sari-banaketa martxoaren 27an izango da 18:00etan udalbatza aretoan.