Berriak

 

Martxoaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) gaitzetsi egin zuen SITELEC enpresak jarritako errekurtsoa, Udalak sustatutako “Kanpoko argiteria publikoaren hornidura eta instalazioa” kontratuaren esleipenaren aurkakoa. KEAOren iritziz, SITELECek ez du aurkeztu Baldintza Teknikoen Pleguan zehaztutako dokumentazio osoa, eta hala enpresa esleipendunak nola Udalak behar bezala bete dute esleipen-prozesuan ezarritakoa. Horrenbestez, bi hilabete baino gehiago blokeatuta egon ondoren, TECUNIk lanei ekin ahal izango die; zehazki, apirilean hasiko dira.

Argiteria publikoaren hornidura eta instalazioa guztira 1.194.571,82 euroan esleitu dira. Zenbateko hori Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) dirulaguntza baten bidez ordainduko da, eta, horri esker, udalerrian dauden sodio-lurrunezko 2.221 kale-argiak aldatuko dira, LED teknologia erabiltzen duten beste batzuk jarrita. Interesik gabeko mailegu bat da, hamarkada batean zehar amortizatzekoa, urtebeteko gabealdiarekin.

Argi horiek guztiak aldatuta, atmosferara egiten diren CO2 isuriak murriztuko dira, eta Udalak uste du urtean 180.000 euro inguru aurreztuko dituela kontsumo elektrikoaren fakturan.