Berriak

 

Arrigorriagako Udalak, Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko Sailaren bitartez, hainbat ikastaro emango ditu udalerriko langabeentzat, datozen maiatzean eta ekainean. Zehazki, hauek izango dira ikastaroak: lehen sorospenak eta desfribilatze erdi-automatikoa (40 ordu teoriko eta 8 praktiko), mendekotasuna duten pertsonak mugitzeko teknikak (65 ordu, Abusu Zentro Soziokulturalean emango da), produktu fitosanitarioak aplikatzeko txartela eskuratzeko ikastaroa (oinarrizkoa, 25 ordu), eraikinetako eta lokaletako gainazalak eta altzariak garbitzea (profesionaltasun-ziurtagiriarekin, 150 ordu teoriko eta 80 orduko lanaz besteko praktikak egin ostean), enpresa edo erakunde bateko agiri ekonomiko-administratiboak kudeatzea (65 ordu) eta eraikinen energia-efizientziarako sarrera (45 ordu).

Sei ikastaroak maiatz eta ekain bitartean egingo dira, nahiz eta datak zehazteko dauden, baita tokiak eta ordutegiak ere. Datorren apirilaren 29an jakinaraziko dira, onartuen zerrendarekin batera.

Interesdunek apirilaren 12ra arte eman ahalko dute izena, Udalaren Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) edo Abusu Zentro Soziokulturalean. Ezinbestekoa da Arrigorriagan erroldatuta egotea eta langabezian egotea. Hortaz, eskaera betetzeaz gain DARDE agiria eguneratuta eta NANa aurkeztu beharko dituzte.

Plaza-kopurua interesdunen kopurua baino txikiagoa bada, sartzeko froga bat egingo zaie eskaera aurkeztu dutenei. Hau da 2019ko udalerriko langabeentzako prestakuntza-proposamenetako bat. Irailean beste ikastaro batzuk antolatuko dira.

 Diptikoa (PDF 614KB)
 Eskaera-orria (PDF 501KB)