Berriak

 

Esparru ez-formalean eta aisialdi eta denbora libreko espazioetan emakumeenganako indarkeriaren inguruan sentsibilizatzeko helburuarekin, proiektu honi esker, Arrigorriagako Udaleko Gazteria sailak ikasturtean zehar lan saio batzuk garatuko ditu Gaztegunean udalerriko gazte eta nerabeekin harremanetan dauden hezkuntza agenteekin (Kilimusi eskaut taldeko begiraleekin), gazteekin eta familiekin.

Ekintza horien garapenerako, "Nosotras Contamos" proiektuarekin elkarlanean arituko dira, aipatutako gaia prebentziozko ikuspegi batetik heltzen duen ekimena.

“Nosotras Contamos”, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailaren Berdintasuneko Zuzendaritzaren proiektu pilotua da, Suspergintza Elkartearen Emakumearen alorreko emakumea eta bikote-harremanetako emakumeen aurkako indarkeria gaietan espezializatutako profesionalek kudeatua eta dinamizatua.

Edukiei dagokienean, errealitate horren jatorria ezagutu ahal izango dute hartzaileek, gai hauek landuz: maitasun erromantikoaren ideia, mitoak, bikote harremanetan emakumeenganako indarkeriak hartzen duen garrantzia eta hedadura, ondorioak, harreman afektibo sexualen motak, botere harreman bat izatekotan jokatzeko pausoak, prebentzio pausoak, etab.

Proiektuak hartzaileen bloke ezberdinak ditu: begiraleak, gazte/nerabeak eta familiak.

Begiraleek bi prestakuntza-saio izango dituzte, parte-hartzaile ziurtagiriarekin; haien bikote harremanetan indarkeria bizi duten edo horren susmoa dagoen gazteak identifikatzeko sentsibilizazioa landuko dute. Saioak martxoaren 2an eta 16an izango dira, 9:00etatik 13:30era..

14-17 urte bitarteko gazte eta nerabeek 4 prestakuntza-saio izango dituzte, batzuk mistoak eta beste batzuk sexuaren araberakoak, non gaiaren inguruko sentsibilizazio-dinamika ezberdinak egingo diren. Saioak martxoaren 30ean, maiatzaren 18an (bi saio) eta ekainaren 8an egingo dira, 16:00etatik 18:30era.

Azkenik, familiek bi prestakuntza-saio izango dituzte apirilaren 3an eta 10ean, 18:30etik 20:30era, non identifikatzeko tresnak eta estrategiak jasoko dituzten. Eta begiraleek bezala, prestakuntza-saioak amaitu ostean, profesionalen laguntza jasoko dute.

Plaza mugatuak daude, hortaz, aurretiko izen-ematea beharrezkoa izango da. Izena emateko azken eguna martxoaren 15a da. Izapidea egiteko edo informazio gehiago jasotzeko, Gaztegunera deitu (946 001 876) edo mezu elektroniko bat bidali dezakezu gaztegunea@arrigorriaga.eus helbidera.