Berriak

 

Aldez aurreko lan handia egin behar izan da: herriko gazteen egungo egoeraren diagnostikoa, beste zenbait lurralde-esparrutako jardunbide egokien bilketa eta askotariko eragileen parte-hartzea izan duen hausnarketa-prozesua. Alabaina, lan horri esker, Arrigorriagako Gazte Planaren ildo estrategikoak eta jarduketa-ildoak zehaztu dira, eta dagoeneko martxan jarri dira. Ikusita gazteen arazo nagusietako bat emantzipatzea eta etxebizitza bat lortzea dela, Gazteria sailak Etxebizitzari buruzko Informazio Bulego aitzindari bat sortu du, eta martxoaren 21ean irekiko da.
 
Gazteria eta Kirol saileko zinegotzi Argoitz Gómezek azaldu zuenez, bulego horretan, interesa duten gazte guztiek etxebizitzarekin lotutako hainbat gairi buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute: zer behar den babes ofizialeko etxebizitza bat lortzeko, alokatzeko zer aukera dauden, zer-nolako hipotekak eskaintzen ari diren, zer eskaintza aurki ditzaketen Arrigorriagako banku-erakundeetan, etab.

Hemendik egun batzuetara jakinaraziko da zerbitzuan aldez aurreko hitzordua hartzeko erabili beharko den harremanetarako telefono-zenbakia. Zerbitzua erabilgarri egongo da astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 21:00etara, Gaztegunean, eta hilabete bakoitzeko lehenengo astelehen eta asteazkenetan Abusu Zentro Soziokulturalean, ordutegi berdinarekin.

Asier Albizua alkateak zehaztu zuen bulego hau Euskadiko lehena dela ezaugarri horiekin, eta hurrengo abendura arte Udalak emandako partida bat baino ez duela jasoko. Alabaina, nabarmendu nahi izan zuen beste erakunde batzuek ere, hala nola Eusko Jaurlaritzak, lan handia egiten dutela gazteei laguntzeko.

Etxebizitzako sailburuorde Pedro Javier Jauregi ere izan zen bulegoaren aurkezpen-prentsaurrekoan, eta gazteen emantzipazioa ahalbidetzera eta biztanleriaren zahartzea arintzera bideratutako zenbait proiekturen berri eman zuen; adibidez, gazteen alokairurako dirulaguntzak ematen dituen Gaztelagun programa, edo esleitzen diren etxebizitza publikoen sustapen guztietan ezartzen diren kupoak.