Berriak

 

Berdinean Euskaraz programaren barruan, Arrigorriagako Udaleko Euskara Zerbitzuak hizkuntza ondo menderatzen duten eta haurrak zein gazteak zaintzea gustuko duten udalerriko pertsonak izena ematera animatu nahi ditu; horrela, udalak gurasoen eskura jarriko dituen zerrendetan parte hartzeko aukera izango dute. 

Haurrek dakitena finka dezaten eta ez dakitena ikas dezaten, oso garrantzitsua da zaintzaileek euskaraz hitz egitea; beraz, hasieran, udalerriko zaintzaile euskaldunek osatutako zerrenda egingo da. Nabarmendu behar da udala alderdi interesdunen arteko bitartekaritza lana egiteaz baino ez dela arduratuko; hori dela eta, ez da lan poltsa bat izango.

Era berean, gaur egungo gizartean gero eta garrantzitsuagoa da kirola, eta haur eta gazte gehienek txiki-txikitatik aukeratzen dute kirolen bat.  Gurasoen elkarteei kirol begirale euskaldunak aurkitzea oso zaila egiten zaienez, beste zerrenda bat irekiko da.

Gainera, jarduerak euskaraz egiteko ekintza planean Arrigorriagako Udalak, bereziki, haur eta gazteak hartu ditu kontuan; izan ere, kolektibo horrentzat antolatzen diren astialdiko jarduerak gero eta ugariagoak dira. Ezinbestekoa da esparru horretan euskararen erabilera normalizatzea; horregatik, astialdiko begiraleekin hirugarren zerrenda egingo da.

Parte hartzeko interesa duten pertsonek Herritarren Arretarako Zerbitzura (HAZ) jo dezakete izena emateko, bai udaletxekora bai Abusu Zentro Soziokulturalekora, martxoaren 11tik  apirilaren 2ra arte. Beharrezkoa da curriculum vitaea aurkeztea eta eskaera-orria betetzea.

Kartela (PDF 924KB)